Hodei Lujanbio goizuetarra eta Ane Elzaurdia beratarra nagusitu dira Berako X. Gau Lasterketan

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 2a, 10:00

Berako besta bezperan dagoeneko klasiko bihurtu den hitzorduetako bat da Manttale Mendi Lasterketa Taldeak antolatzen duen lasterka. Atzo jokatu zuten X. edizioa, eta gizonezkoetan Hodei Lujanbio goizuetarra eta emakumezkoetan Ane Elzaurdia beratarra nagusitu ziren.

Gizonezkoetan Hodei Lujanbio goizuetarrak 32 minutu eta 39 segundu behar izan zituen 7,9 kilometroko ibilbida osatzeko. Bigarren lekuan Tristan Janmart sailkatu zen 33.10eko denbora eginda eta hirugarren lekuan Eztakit kuadrillako Ibon Erdozain beratarra 33.37ko denborarekin.

Emakumezkoei dagokionez,  Eztakit kuadrillako Ane Elzaurdia beratarra nagusitu zen 37 minutu eta 53 segunduko denbora eginda. Bigarren lekua ere beratar batentzat izan zen, Erori arte kuadrillako Ainhoa Etxegaraientzat 40.02ko denbora eginda. Hirugarren lekuan, aldiz, Nerea Amilibia sailkatu zen 41.31ko denborarekin.

Ohi bezala kuadrilla arteko ere lehia izan zen eta irabazlea Eztakit kuadrilla izan zen. Bigarren lekuan Attonkaxkuak gelditu ziren.

Guztira 211 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan, probaren hamar edizioetako parte-hartzerik jendetsuena, 2023ko 156 korrikalariak gaindituz, orain arteko markarik onena zena.

Giro alaian ospatu zen proba, hagitz  tenperatura atsegineko gau batean, eta jende eta musika ugari izan zen ibilbideko hainbat gunetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun