Bestak 2024

Berako Abesbatzak abesti berri bat estreinatuko du San Esteban egunean

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 2a, 08:00

Ortziralean hasiko dira Berako bestak, eta larunbatean izanen dute egun haundia, San Esteban eguna. Goizean, ohi bezala meza nagusia eginen dute 10:30ean Berako parrokian, eta bertan estreinatuko du Berako Abesbatzak 'Bera' izeneko abestia.

Josu Elberdinek konposatu du abestia, eta Julen Zelaieta beratarrarenak dira hitzak. Abestiak Berako txoko ezagunei eta auzoei egiten die erreferentzia. Fatima Gonzalezek zuzenduko du korua, eta Maria Barredo ariko da pianoa jotzen.

Abesti hori interpretatu ondotik, ohikoa duten gisan, mezan kantatuko dute abesbatzako kideek.

Honatx abestiaren letra, Julen Zelaietak idatzia:

BERA

Altzate eta Bera partean,

erdi etsaiak euren artean,

baketu ziren egun batean,

Eztegarako platanopean.

 

Barojatarrei omen Itzean,

Legia, firme, kale ertzean,

Burga Plazara ailegatzean,

Bidasorantz so, ezinbertzean.

 

Erreka hotsak Iturlandetan,

Kanttonberrira, erosketetan,

ta Bidasoa karrikan bertan

ze trafikoa, garai za(ha)rretan!

 

HERRIAN EDO

MENDI ALDERA,

BAKARRA BAINA

MILA AUKERA,

DENEK DAUKAGU

SENTIPEN BERA:

AI, ZENBAT MAITE

ZAITUGUN BERA!

 

Herri sarreran dago Agerra,

Zalain ez dugu, soilik bazterra,

Suspelak dauzka eskuin ta_ezkerra,

ta Suspel Ttikik malda ederra

 

Zubiek maite dute_Illekueta,

Zian, Dornaku alderantz buelta,

parez-pare han, Garaitarreta,

ta Lizuniagan, aunitz “gordeka”.

 

Kaule, Larungo zaindari fina,

Landagaitatik segi_Ibardina,

Xantelerrekan ze imajina;

urrunean da itsas urdina!

 

HERRIAN EDO

MENDI ALDERA,...

 

Mugako_Harriek, xuxen ilara

Ikurrez lepo Santa Barbara,

Berako plazan, berriz, patxada,

ta Lamixenen, Lamirik bada?

 

Altzaten, Jaun bat dugu mitoa,

Zelaia_ondoko Santokristoa,

San Migel,zubi historikoa,

gudaz zein xarmaz beterikoa.

 

Hauek, aipatu a(ha)l ditugunak

kale, auzo ta txoko kuttunak

aunitz dira, ez hain ezagunak,

kantuan sartu ez zaizkigunak.

 

HERRIAN EDO

MENDI ALDERA,...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun