Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak bultzatuta, Berako bestetan Puntu More zerbitzu profesionala eskainiko dute ortziralean eta larunbatean, abuztuaren 2an eta 3an. Horretarako, puntuetan une oro Emagin Elkarteko bi emakume* aditu egonen dira arreta emateko.
Informazio Gunea 19:00etatik 00:00etara: indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizazio gunea egonen da Txoznagune pareko karpa morean. Herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko besta eremuan kokatutako informazio gunea izanen dugu. Emakume*, neska* gazte zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak jasoko dira. Bertzetik, eraso horien gaineko informazioa zein horiei aurre egiteko tresnak eskainiko dira.
Arreta Gunea 23:00 etatik 07:00etara: eraso matxisten aurrean arreta emateko eta esku hartzeko gunea Mukixu Haur eskolan. Besta eremuan emakume* nahiz LGTBIQ+ kolektiboko kideren batek eraso bat pairatuz gero, arreta eta laguntza zuzena eta profesionala eskaintzeko zerbitzua da. Aurrez aurreko arreta emozionala eta bidelaguntza eskainiko zaio. Bertzetik, horri aurre egiteko dituen aukeren gaineko informazio egokia eta aholkularitza eskainiko da.
Bi egun horietan 19:00–07:00 bitartean Puntu Moreko telefono arreta zerbitzua eskainiko da ere 722 467 197 zenbakian.
Horrez gain, indarkeria matxistarekiko edozein gertaera edo bizipenen inguruko informazioa helarazi nahi bada, berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidera idatzi daiteke. Jasoko den informazio guztiaren konfidentzialtasuna bermatuko da.
Aniztasuna errespetatzen dituen Berako bestak nahi ditu Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak, «inolako diskriminazio eta erasorik gabe. Goza ditzagun denok bestak».