Bestak 2024

«Ilusio haundiz erran nion baietz danborrada zuzentzeari»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 31a, 17:00

Nekane Lasaga danborrada zuzentzen iaz. Aurten ere egiteko hori izanen da abuztuaren 5ean.

«49 urte dituen emakume beratarra, hiru seme-alaben ama eta lanbidez irakaslea». Halaxe aurkeztu du bere burua Nekane Lasagak.  Baina, hori dena izateaz gain, iaztik hasita bertze kargu bat ere badu: Berako bestetako danborradako zuzendaria da. Bigarren urtez izanen du postu hori, eta gogoz eginen du egitekoa. 

Nekane Lasaga, Berako bestetako danborradako zuzendaria

Iaz hartu zuen danborrada zuzentzeko  ardura eta proposamena. «Bestetako batzordekide eta zinegotzi den Estitxu Pinatxok proposatu zidan», azaldu du. «Maiatz aldera danborrada zuzentzeko pertsona baten bila hasi zen eta bere deia jaso nuen. Egia erran, hasiera batean ezustean harrapatu ninduen, baina gehiegi pentsatu gabe eta ilusio haundiz baietz erran nion».

Iaz zuzendu zuen lehenengoz danborrada, baina ez zen ohiko danborrada izan, eguraldi txarrak baldintzatu baitzuen erabat. «Iaz eguraldiak ez zigun lagundu, eta ohiko ibilbidea ezin izan genuen burutu», azaldu du. Hala ere, egunaren oroitzapen polita du. «Esperientzia bikaina izan zen; hasiera batean urduri banengoen ere, ibilbidean aitzinera joan ahala  gustura, konfiantza hartuz joan nintzen eta aunitz gozatu nuen»

Aurtengorako ere gogotsu dago Lasaga, bigarren urtea izanik «lasaiago» egonen delako. «Espero dut eguraldia gure alde egotea eta behar bezala disfrutatzea», kontatu du. Horretarako,  prestaketa lanean hasiak dira dagoeneko. «Nire lana,  hitzak dioen bezala, danbor jotzaileak zuzentzea da: entseguak prestatzea, bandarekin koordinatzea, sarrerak eta bukaera ematea, danborraren kolpeak zuzentzea... erritmoa eramatea, azken finean», azaldu du. Bi kanta joko dituzte Herriko Etxeko plazatik Altzatera eginen duten ibilbidean: Aupa Bera! izenekoa eta Berako Danborrada.

Lehendik parte hartzaileek entsegua  eginen zuten, uztailaren 30ean, asteartea, 20:00etan Herriko Etxeko plazan. Lasagari bere kabuz ere entseatzea tokatu zaio besta bezperan. «Astebete lehenago edo hartuko ditut partiturak batez ere bestetarako girotzeko», kontatu du. 

Musika protagonista

Danborradaz harago, ordea, bertze hamaika ekitaldi izanen dira  Berako bestetan, eta horietako aunitzetara joanen da Lasaga. «Zaila da ekitaldi gustukoena zein den aipatzea, baina orokorrean musika presente dagoen ekitaldi guztiak ditut gogoko», kontatu du. «Neurri haundi batean herriko bestetan musikak berebiziko garrantzitsua du, besta giro alaia eta bizia sortzen laguntzen baitute».  

Hala nola, Gure Txokoa dantza taldearen emanaldia, San Esteban eguneko meza kantatua, Makil Dantzak eta Aurreskua, danborrada eta arratsaldeko dantza herrikoiak nabarmendu ditu  ekitaldi gustukoenen  artean. «Udalak eta Besta Batzordeak bestak antolatzeko egiten duen lana guztia eskertu nahiko nuke», gehitu du.

Beraz, danborradan zuzendariaren makila eskuan, zein musika protagonista den bertze ekitaldietan, ziur bestetako musika doinuez gozatzen izanen dela Lasaga. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun