Garai batean ohikoa zen etxeen izenak erabiltzea, eta etxe-jabeei ere, maiz-maiz, etxearen izenaren arabera deitzen zitzaien. Izenetako aunitz erabiltzeari utzi zaio, eta galdu ere egin dira. Etxeen izenak berreskuratu eta agerian paratzeko proiektua landuko dute hurrengo hilabeteetan.
Horretarako, datozen egunetan 1940a baino lehen eraikitako etxe-jabeek gutun bat jasoko dute, euren etxean izena paratu nahi izanez gero plaka eskatu ahal izateko. Gutunean etxearen izena nola idatziko den adieraziko da, Euskaltzaindiak onartutako izendapenaren arabera eginen baita, euskaraz modu egokian idatziz. Zenbait etxek bi izen gorde izan dituzte, eta horietan bien berri emanen da, biak paratzeko proposatuz. Nolanahi ere, etxe-jabeak bietako bakarra erabili nahiko balu, horretarako aukera egonen da, beti ere forma arautuan.
Etxe bakoitzean Cortén altzairuan egindako plakatxo bat paratuko da, 35 x 6,5 cm-koa. Etxe-jabearentzat dohainik izanen da plaka paratzea, baina berariaz baimendu beharko du, banatuko den gutuna sinatuz eta Herriko Etxeko bulegoetan utziz edo mugerri@gmail.com helbidera bidaliz, irailaren 1aren aitzinetik. Plakak paratzeko auzolana deituko du Mugerri elkarteak, eta plakak paratzen lagundu nahi duenak gutunean berean adierazi ahal izanen du bere prestutasuna.
Gisa berean, auzo bakoitzean auzoko etxe guztien izenak bilduko dituen panel bat paratuko da. Panel hori Pello Iratzoki Errandonea zenak egindako marrazkiekin osatuko da. Proiektuak haur eta gazteengana ondare hori hurbiltzeko ekimen bat ere biltzen du. Herriko karriketan barnako joko bat izanen da, ondare aberats hori ezagutzeko bide emanen duena.
Mugerri elkarteak aurkeztutako proiektuak Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren eta Berako Udalaren dirulaguntza lortu du.