Bestak 2024

«Besta parte hartzeko gustatzen zait, ez ikusteko»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 31a, 18:00

Musikaria eta musikazalea da Retegi eta gaur egun Berako Bandan zein txistulariekin jotzen du.

Ezinbertzeko elementua izaten da musika Berako bestetan, eta inportantzia berezia hartzen dute txistu doinuek zein bandarenek. Bietako parte da Alberto Retegi.

Alberto Retegi, Berako musikaria eta musikazalea

Abokatua ofizioz, musikazale amorratua da eta txistulariekin zein bandarekin klarinetea jotzen aritzen da herriko bestetan zein bertzelako ekitaldietan.  Aurten ere hor izanen da txistua jotzen egun batzuetan, eta klarinetea eskuan bertzeetan, baina beti musikaren bueltan. 

Haurra zeneko bestetako lehen oroitzapenak ere musikarekin lotu ditu: «Erraldoiez eta buruhaundiez oroitzen naiz, eta baita bestetan jotzen zuten orkestrez ere: Beotibar eta Alegria. Aste osoan egoten ziren Beran, eta txaranga lanak ere egiten zituzten». Geroztik, ordea, aunitz aldatu dira bestak, eta baita Retegik bestak bizitzeko duen manera ere: «12-13 urte nituela hasi nintzen txistua jotzen karrikan, eta bestak ekitaldi ofizial gisa bizitzen nituen», azaldu du. Lanean, gainera, libre ematen zioten: «Txistulari gutti izaten ginen, eta Ibardinen lanean aritzen nintzenez, libre ematen zidaten herrian jotzeko», azaldu du. 

Josu Goia zenarekin ikasi zuen txistua jotzen Retegik. «Josu Zalain Zokoko eskolara joaten hasi zen bertan makil dantzak erakustera, eta ni dantzaria nintzenez, berarekin joaten nintzen erakustera. Haurrek arreta gehiago jartzen zioten txistuari eta horrela hasi nintzen ni ere». Josu Beran erakusten hasi zen, eta bertan segitu zuen Retegik ikasten. «Josuk justukoa zekien, baina, guk ez genion inportantzia haundirik ematen horri, inportanteena zarata pixka bat ateratzea zen eta lau kanta jotzea». 

Musika ikasteko gogoa

1977-78 urteen bueltan, herriko bestetan egitaraua aldatzen hasi ziren, eta talde horretako kideetako bat izan zen Retegi: «Indar Trabes taldea ekarri genuen, gerora Itoitz izanen zena, eta dantza taldean ere aldaketa haundi xamarra izan zen, bestetan jaialdia egiten hasi ginen eta urte batzuk beranduago danborrada antolatzen». Garai bertsuan hasi zen klarinetea ikasten ere. «Klarinetea erosi nuen inoiz instrumentu hori ikusi gabe. Momentu horretan ordaintzen ahal nuen bakarra zen, eta Javier Igoarekin Lesakan klase batzuk egin eta neure kabuz segitu nuen ikasten».

Hasi bazen hasi, geroztik klarinetea astintzen segitu du. «42 urte inguru nituela itzuli nintzen Berara bizitzera, eta musika eskolan hasi nintzen klaseak hartzen. Esperientzia hagitz-hagitz ona izan da musika eskolan ikastearena». Garai berean hasi zen Berako Bandan jotzen ere: «Bandakoek kanpaina bat egin zuten musika instrumenturen bat jotzen genuenak bertara animatzeko, eta geroztik bertan segitzen dut. Sekulako esperientzia izaten ari da». 

Berako txistulariak abuztuaren 3an jotzen. Tartean da Alberto Retegi ere.

Geroztik pianoa ikasten ere aritu da, eta baita akordeoiarekin ere. Hala ere, klarinetea eta txistua ditu maiteen eta horiek dira karrikan jotzen dituenak ere. Hala ere, dioenez, hemendik aitzinera ez du bertze instrumenturik ikasteko asmorik, nahikoa omen du orain arte jotzen dituenekin. 

Bandarekin, urtean sei bat emanaldi egiten dituzte denera: «Udalarekin hiru ditugu adostuta, eta bertze batzuk ere egiten ditugu gure kabuz», azaldu du. Aurten, erraterako, udaberriko kontzertua egin dute, eta hagitz gustura dago emaitzarekin: «Guretzat aukera ederra izan da abuztukoaz gain bertze kontzertu bat egiteko, eta jendeari ere gustatu zitzaion, jende aunitz etorri zen». Bestetan abuztuaren 3an emanen dute kontzertua, eta danborradan ere aterako dira. 

Entseguak maiteen

Urte aunitz badaramatza ere txistua zein klarinetea jotzen, aunitz ere nahiago du entseatu karrikara atera baino. «Hagitz urduri jartzen naiz». Berriki, gainera, txistu taldean silbotea jotzen ere hasi da, eta pozik dago eginkizun horrekin. «Gaur egun ez, baina duela urte batzuk arte txistua bestarako aitzakia ederra izaten zen.  Ekitaldiren batera txistua jotzera joan, eta ostatuak itxi arte ibiltzen ginen jotzen. Errekalde ostatukoek meritu ederra dute gu hainbertze aguantatzeagatik», kontatu du barre artean.

Aurten ere hutsik gabe ariko da bestetan. «Orain erren nago eta karrikabueltan ateratzea gehiago kostatzen zait, baina badut intentzioa ateratzeko». Izan ere argi du: «Niri besta parte hartzeko gustatzen zait, ez ikusteko».  

Beraz,  herriko bestetan musikariak dauden ekitaldi denetan, hantxe izanen da  Retegi klarinetea edo txistua eskuan bestak musikaz bizitzeko gogoz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun