Julia Artieda Vila, Berako bestetako azal lehiaketako irabazlea
Ohitua dago, ordea, sormen lanak egitera, Kiribil izenpean ilustrazioak egiten aritzen baita, batez ere ilustrazio pertsonalizatuak egiten. Baina, Berako bestetakoa izan da lehiaketa batera aurkeztu duen lehen afixa. «Egunero aritzen naiz marrazkiak egiten, eta nire lanaren zati bat ezagutarazteko aukera ona denez, animatzea pentsatu nuen», azaldu du.
Teknika berria
Afixa egiteko argazkilaritza eta ilustrazioa nahastu ditu Artiedak, eta dena digitalki osatu du. «Herriko etxeko argazki bat hartu eta horri marrazkiak gehitu nizkion», azaldu du. «Ideia hagitz argi nuen, zerbait diferentea egin nahi nuen, zerbait koloretsua» azaldu du. Ideia argi izanda gehien kosta zaiona irudiak sortzea izan da. «Lehen aldiz aritu naiz marrazkiak argazki gainean egiten, baina, gustura aritu naiz eta gustuko dudan bertze estilo mota bat deskubritu dut».
Bestak iragartzeko txupinazoan sortzen den «giro koloretsua eta dibertigarria» islatzen saiatu da ilustratzailea. «Nik uste dut beratarrentzat bestetako ekintzarik garrantzitsuena dela, eta giro gehien izaten dena». Horretarako, espresuki saiatu da berak ohikoa duen estilotik aldentzen. «Eskerrak eman nahi dizkiet nire lana bozkatu duten herritarrei», dio, eta aurreratu du aurtengo emaitza ikusita, dagoeneko pentsatzen hasi dela heldu den urtean ere aurkeztea.
Hagitz maiteak ditu Artiedak herriko bestak. «Kuadrillarekin hiruzpalau egun pasatzeko aukera ederra dira, eta baita herritarrekin elkartzekoa ere». Baditu hutsik egiten ez duen ekitaldi batzuk. «Txupinazoa aunitz gustatzen zait, baita kantu bazkarian sortzen den giroa ere, urtero disfrutatzen dudan ekintza da». Eguna eta gaua, gustukoen zein duen galdetuta, egunaren arabera izan da bere erantzuna. «Egun batzuetan jende sobera egoten da bestarako, baina abuztuaren 5a, adibidez bestarako egun ona da», kontatu du. Horrekin batera, abuztuaren 3ko besta ere maite duela kontatu du.
Uztailean «lanpetua»
Bestak ailegatzeko gogoz dago Artieda, nahiz eta jakin badakien besta aitzineko azken egunak aski lanpetuak izanen dituela. Uztailean haurrekin eta helduekin eskulan tailerrak egiten aritu da, baina, ez horretan bakarrik. Gure Txokoa Dantza Taldeko kidea da, baita Berako Bandako eta Barraskilo Gazte Taldekoa ere, eta beraz, bestak prestatzeko lanetan ibili da buru belarri uztaileko azken egunetan.
Besten bezperan, dantza jaialdia eginen dute, eta hori prestatzen ari dira azken egunetan. Jaialdiaz gain, dantzari gisa, batez ere abuztuaren 3ko arratsaldeko aurreskua du gustuko Artiedak. «Ttikitatik sartzen diguten sentimendu moduko bat da plaza erdian dantzatzearena eta aunitz gustatzen zait». Horretarako, entsegu ordu luzeak izaten dituzte. «Denak batera eta koordinatuak joan behar dugu, aurreskuan hori aunitz nabaritzen delako. Plazara nola sartu eta atera entseatzen dugu, eta baita egunen batean txistulariekin ere. Aunitz gustatzen zaizkit entseguak».
Aurreskua dantzatzea ez da egun horretan egin beharko duen zeregin bakarra. Izan ere, bandako kidea denez, musika jotzea ere egokituko zaio arratsalde berean. Beraz, Aurreskua bukatu eta segidan arropaz aldatu eta klarinetea hartuko du bandaren kontzertuan jotzeko. «Urte hasieran hasten gara prestatzen, eta urtean jende gehien joaten den emanaldia da», kontatu du. «Aurreskua ikustera herritar aunitz joaten dira, eta gelditzen direnek badakite gero kontzertua izanen dela». Bandarekin emanaldia bukatuta, berriz ere aurreskuko arropak jantzi, eta kalejiran aterako da. Batetik bertzera baina, «kontent» ariko da.
Txosnako prestaketak
Dantza eta musika banda aski ez, eta Barraskilo Gazte Taldeko kidea ere bada, eta beraz, baita Txosna Batzordeko kidea ere. Hor ere, bestetan baino, besta aitzineko egunetan tokatuko zaio lanean aritzea, «edaria kalkulatu behar da, txosna muntatu, musika ekipoa paratu...». Gainera, azken urteetan txosnak Altzateko plazatik Toki Onako patiora mugituta, jende gehiago joaten dela sumatu dute. «Leku ona izan da txosnak paratzeko, kontzertuak ere hor jarrita dena batera gelditzen da, eta jende gehiago sartzeko gaitasuna dago».
Berara joaten denak, beraz, ziur karrikan aurkituko duela Artieda, dantzan, klarinetea eskuan edo txosnan lanean bertzela, baina ziur irribarrean ahoan. Eta bestak bukatuta zer? «Pare bat merkatutara joanen naiz nire produktuak saltzera, baina, saiatuko naiz abuztuan lasaiago hartzen eta atseden hartzen».