Bestak 2024

«Omenaldi gisa bizi dugu txupinazoa botatzeko aukera»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 31a, 15:00

Berako Erraldoien Konpartsako kideetako batzuk entseguetako batean.

Abuztuaren 2ko 12:00etan lehertuko da Beran besta, eta Berako Erraldoien Konpartsako kideak izanen dira aurten suziria pizteaz arduratuko direnak. Ilusioz eta gogoz hartu dute egitekoa.

Berako Erraldoien Konpartsako kideak, Berako txupineroak

Abuztuaren 2an suziria pizteaz arduratuko dira, eta  aukera aprobetxatu nahi dute aitzineko konpartsa eta bertako lau kideak omentzeko: Fernando eta Javier Iturria, Angel Garcia de Dios eta Alberto Pereira. «Urte aunitz ibili dira erraldoiak dantzatzen, 25 urtez baino gehiagoz, eta uste dugu merezi dutela omenaldi bat. Eta noski guri egindako omenaldi gisa ere hartzen dugu txupinazoa botatzeko aukera».

Hain zuzen, Angel Garcia de Dios garai bateko konpartsakidea eta gaur egun erraldoiak dantzatzen aritzen den Irati Lazkano izanen dira suziria piztuko dutenak, konpartsaren iragana eta etorkizuna erakusteko asmoz.  25 urtez baino gehiagoz aritu zen Garcia de Dios dantzatzen, eta Lazkanok, aldiz, 18 urte bakarrik baditu ere hirugarren urtea du aurtengoa konpartsan. 

Gaur egun denera 18 lagun ari dira konpartsan erraldoiak dantzan, horietako batzuk urteak daramatzatenak, eta bertze batzuk hasi berriak. Elkarren arrimuan aritzen dira batak bertzearengandik ikasten eta irakasten. Konpartsako kide izatea herriarekiko eskuzabaltasun ekintzatzat dute: «Entseguetara etorri behar duzu, eta konpromisoa hartu behar duzu, lana da kide izatea».

Bestetan egunero

Berako bestak izaten dituzte urteko ekitaldirik luzeenak eta  aurten lehenengoz egunero aterako dira karrikara. «Abuztuaren 2ko ibilbidea pixka bat moztu dugu eta horren ordez abuztuaren 5ean arratsaldean aterako gara dantzari», kontatu dute konpartsako kideek. 
Horretarako urte hasieran hasi zituzten entseguak, hasieran hilabetean behin elkartuta. Bestak hurbildu ahala, uztailean, astean bitan entseatzen hasi dira. Aurten, gainera, lehenengoz haurren erraldoiak ere aterako dituzte karrikara, 12 urte inguruko haurrek dantzatuta.  Erraldoi ttikien bidez, haurrengan zaletasuna bultzatu nahi dute. «Ttikia zarela hasten bazara erraldoiak dantzatzen, gero errazagoa da konpartsan sartzea».

Gogoa eta konpromisoa

«Ongi pasatzeko gogoa». Horixe da konpartsako kideen hitzetan erraldoiak dantzatzeko beharrezkoa den bakarra.  «Ez da beharrezkoa dantzatzen jakitea. Taldean bagara dantzari ohiak, baina, baita inoiz dantzatu ez dutenak ere, gogoa da behar den bakarra, eta baita herriaren alde lan egiteko izpiritua ere».

Adinari dagokionez ere, adin guztietako partaideak dituzte konpartsan. Aurten hasi diren gazteenek, erraterako, 14 urte dituzte. «Ona da taldean denetarik egotea, gazteak eta adinekoak, denen artean banatzen ditugu lanak eta batzuek esperientzia dugu gauza batzuetan eta bertzeek bertzeetan». Hala ere, gazteenen eta helduenen artean adin diferentzia haundia dagoela eta, jende gaztea animatu nahi dute konpartsara.

Eta ikusleen aldetik zer? Argi dute erraldoiak ez direla modatik pasatzen. «Pandemia aitzinetik sekulako jendetza ibiltzen zen, eta pixkanaka-pixkanaka ari gara jende hori dena berreskuratzen», azaldu dute. «Haurren bueltan elkartzen dira gurasoak eta aitatxiak eta amatxiak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun