Ekitaldiz beteriko asteburua izanen dute Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 25a, 11:00

Larunbatean eginen dute 4x4 erakustaldia Postako eremuan.

Heldu den astean hasiko dira Berako bestak, baina, aitzinetik, ekitaldiz beteriko asteburua izanen dute. Kirola izanen da asteburuko protagonista nagusia.

Larunbatean, hilaren 27an eginen dute Postako eremuan 4x4 autoen ikuskizuna. Jende aunitz biltzen duen erakustaldia izanen da, eta 14:30ean hasiko da. Antolatzailea Boma 4x4 Taldea da.

16:00etan, aldiz, Toki Ona Saskibaloi Taldeak antolatuta, 3x3 Kuadrillen Arteko Saskibaloi Txapelketa eginen dute Toki Onako patioan. Izen ematea egunean berean egin beharko da 15:00etatik aitzinera, eta 3-4 lagunez osatutako taldeak izan beharko dira.

Biharamunean, igandean, 10:00etan plater tiroa izanen da Lizuniagako tiro eremuan minifoso modalitatean. Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatu du. Ordubete beranduago, 11:00etan Berako XXI. Saria txirrindularitza proba jokatuko dute. Bidasoa karrikan izanen da irteera eta helmuga leku berean izanen da 12:15 aldean Gure Txokoa Elkarteak antolatu du proba.

Arratsaldean, 16:00etan hasita, aldiz, elite mailako 3x3 Saskibaloi Txapelketa jokatuko dute. Bezperan bezala Toki Onako patioan izanen da, eta izen ematea egunean berean egin beharko da 15:00etatik aitzinera.

Erakusketa bestetan

Horrez gain, Berako paisaien margolanak eta Berako buruhaundi zaharberrituen erakusketa ikusteko aukera ere izanen da. Berako Kultur Etxeko erakusketa gelan paratu dute, eta arratsaldez ikusteko ahalko da 17:30etik 19:30era. Larunbatean eta igandean ikusteko aukeraz gain, herriko bestetan, abuztuaren 2an, 5ean eta 6an ere egonen da erakusketa irekia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun