Iaz bezala, aurten ere herriko errekak garbitzeko auzolana egin dute Beran. Larunbatean egin zuten eta denera 60 bat lagun bildu ziren Altzateko plazan paratutako hitzordura. Bertan, lau taldetan banatu zituzten parte hartzaileak.
Alde batetik talde bat Petritx presan hasi eta Iturlandeta arteko erreka bazterrak garbitzen aritu zen. Bertze talde bat Itzea erreka garbitzen aritu zen, Itzea etxean hasi eta Ziaraino. Hirugarren taldea Kultur Etxe atzeko eremuan aritu zen, eta azken taldea aldiz, Matzada erreka garbitzen. Azken urteetan garbiketarik egin gabea zen inguru horretan, eta sasitza haundia pilatua zen.
Goiza borobiltzeko, auzolanean aritutako denak Ehiza eta Arrantza Elkartearen egoitzan elkartu ziren, eta bertan jatekoa eta edatekoa banatu zituzten.
Antolatzaileek auzolanaren balorazio hagitz positiboa egin dute: «Parte hartzea ikaragarria izan da, jende aunitz etorri da lan tresna eta guzi, eta denak giro onean aritu dira lanean. Nabarmendu behar da ez dela ezbeharrik izan, eta aunitz egin bada ere, oraindik aunitz dagoela egiteko».
Auzolanaren garrantzia nabarmendu du udalak: «Herria garbitzeaz gain, herrigintza lantzen da auzolanean, eta horrek herria egiten laguntzen du». Hemendik aitzinera ere «auzolana sustatzeko lanean» segituko dutela azaldu dute. «Mila esker bihotzez auzolanean gogotsu aritu diren herritar guztiei».
Herritarrei eskerrak emateaz gain, Arrantza eta Ehiza Elkarteari ere eskerrak eman nahi dizkio udalak auzolana antolatzen «laguntzaile eta bidelagun» izan dituztelako.