40 parte-hartzaile inguru elkartu ziren, korrikalariei aunitz gustatu zaien 7,5 kilometroko zirkuitu berrian. Erdozain izan zen azkarrena ibilbidea burutzen 31 minutu eta 11 segundoko denborarekin, Gwendal Larqué beratarra bigarren izan zen (32.47) eta Dani Iparragirre aranztarra hirugarren (33.32).
Ane Elzaurdia lehen emakumea izan zen eta zortzigarrena sailkapen nagusian. 35 minutu eta 40 segundotan osatu zuen zirkuitua, Ainara Mendiburu bigarren izan zen (46:59), eta Aintzane Goienetxe hirugarren (50.02).
Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopan lider
Erdozain eta Elzaurdia I. Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Koparen lider bihurtu dira. Kopa berri hau Alkaiaga Trailarekin hasi da, eta Berako Gau Krosa (abuztuak 1), Agerrako Krosa (abuztuak 24) eta Lizuniagako Igoerak (urriak 26) osatuko dute.
Elzaurdia eta Erdozain kide dituen Eztakit kuadrilla da, era berean, Kopako kuadrillen arteko sailkapeneko liderra, Bortziriak eta Ziñaurriak kuadrillen aitzinetik.
Kuadrillen modalitatean parte hartzeko, izena emateko aukera zabalik dago oraindik. Nahi duten Bortzirietako kuadrilla guztiek mezu bat bidali beharko dute manttaletaldea@gmail.com emailera, taldekide guztien izen-abizenekin, abuztuaren 1a baino lehen. Puntuatu ahal izateko, gutxienez kuadrillako hiru kidek hartu beharko dute parte proba bakoitzean, eta lehenengo hiruek puntuatuko dute.
16 urtetik beherakoentzako lasterketan, hiru kilometroko luzera zuena, Ekhiotz Iratzoki (13.03) izan zen azkarrena, Iker Zestau (13.43) eta Izei Iratzoki (13.55) korrikalarien aurretik.
Lasterketa hauen aitzinetik, umeentzako lasterketak ere egin ziren auzo inguruan, 30 parte-hartzaile baino gehiagorekin.