AITZIBER ABASOLO LARRAZABAL

«Ikusten dudanaren edertasuna islatzen saiatzen naiz argazkietan»

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 4a, 09:00

Autorretratua.

Beran bizi den bizkaitarra da Aitziber Abasolo Larrazabal, eta, bertzeen artean, zaletasun duen argazkilaritzaz mintzatu da

Nola definituko zenuke zeure burua?

Bere bizitza ordenan jartzen saiatzen ari den jakin-min handiko pertsona.

Zein dira zure zaletasunak?

Argazkilaritza, mendia eta herri politetako kaleetan galtzea, kamera batekin baldin bada, hobe.

Noiz etorri zinen Bizkaitik Bortzirietara bizitzera?

Ba orain konturatu naiz, duela justu 20 urte.

Aldaketa haundia izan zen?

Ez zait iruditzen hemen bizitzeak aldaketa handia suposatu zidanik, azkenean, ez nago Bizkaitik hain urruti eta hemen dena dago hurbil: mendia, hiria, itsasoa… gustura nago Beran.

Nondik heldu zaizu argazkilaritzarako zaletasuna?

Betidanik izan dut gustuko. Txikitan gurasoen kamera hartzen nuen eta nire lehenbiziko soldatarekin orduko kamera analogiko bat erosi nuen.

Zer da argazkilaritza zuretzat?

Buruan dudan nahaste-borrastea askatzeko era bat da argazkilaritza. Ikusten dudan errealitatea islatzen dut, niri atentzioa ematen didana, horren bitartez emozioak transmititzeko intentzioarekin.

Zein argazki estilo gustuko duzu gehien?

Kaleko argazkia eta erretratua ditut gustukoen, azken hori gehienbat; erretratu naturalak eta baita fantasiazkoak ere. Adibidez, asko nahasten ditut natura eta pertsonak.

Zer ez da inoiz falta zure argazki ekipoan?

Bigarren bateria eta memoria txartela. Beste guztia egunaren edo egiteko asmoaren arabera.

Betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?

Galdera zaila, ideia asko pasatzen zaizkit burutik… baina betetzeko bezala, adibidez, argazkilaritza nire garapen pertsonalerako erabiltzen jarraitzea.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Argazki proiektu bat garatzea eta lanak egiten jarraitzea.

Eta epe luzera?

Ikusiz joan… eta agertzen dena gustuko baldin badut, hartu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun