Martxel Larraza

«Herri ttikiak ere bizigarriak izan daitezke LGTBI kolektiboarentzat»

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 3a, 09:00

Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Kazetaritzan graduatua da Larraza. Gaur egun, telebistan lan egiten du.

Martxel LARRAZA INDABURU, gradu bukaerako lanarekin saritua

LGTBI+ komunitatearen sexilioari buruz egin duen Xerka lanarekin, Komunikazioko gradu bukaerako lanen Berria Saria irabazi du 24 urteko etxalartarrak.

LGTBI+ komunitatearen sexilioa hartu du hizpide Martxel Larraza Indaburuk (Etxalar, 2000) gradu amaierako bere lanean. Orientazio sexualagatik edo genero identitateagatik izandako zapalkuntzagatik herria uztera behartua izatea da sexilioa. Etxalarko gazteak halaxe osatu du Xerka fotokazetaritza lana edo argazki liburua, eta horrek eman dio Komunikazioko gradu amaierako lanen Berria Saria irabazteko bidea. Epaimahaiak bere «lan aberatsa» nabarmendu du, baita lanaren «kalitate estetikoa, elkarrizketatuekin erakutsitako sentsibilitatea, eta hizkuntza jasoa» ere. Larrazak saria ustekabean ailegatu zaiola onartu du, baina kontent sumatu dugu, eta  «lana zabaltzeko gogoa piztu» zaiola onartu du. Ikus-entzunezkoen munduan dabil buru-belarri, eta telebistan lan egiten duela kontatu du, «kamera gibeleko koordinazio lanetan». Ikus-entzunezkoez gain, «musika jotzea, bidaiatzea, lagunekin egotea edo mendira joatea» maite dituela aitortu du. 

Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Kazetaritzan graduatua zara. Zergatik aukeratu zenituen ikasketa horiek? 

Betitik izan dut gustuko argazkiak ateratzea eta bideoak grabatzea, editatzea... Batxilergoan zalantza dezente izan nuen, baina azkenean Ikus-entzunezko Komunikazioa egitea erabaki nuen, eta urtebete beranduago Kazetaritza ikasten hasi nintzen, aldi berean. 

Gustuko ikasketak aukeratu zenituela erranen zenuke? 

Bai. Akaso unibertsitateko ikasketa planaren planteamenduari buelta bat emanen nioke, ikasgai batzuk aldatu, edo alde praktikoari garrantzia handiagoa eman... Baina bai, aunitz ikasi dut azken urteotan, eta argi dut hau zela hartu behar nuen bidea.

Espero zenuen Xerka lana saritua izatea? 

Ez, egia erran ez nuen espero, batez ere lanaren formatuarengatik. Argazki liburu bat izanik, ez nuen uste saria irabazteko hautagaien artean izanen zenik. 

«Sexilioaren esperientzia ugari izan dira gure inguruan»

Zergatik aukeratu duzu sexilioa gaia lan honetarako? 

Itzaleko gai bat landu nahi nuen; hedabideetan hainbertze ikusten ez dugun auzi bat. Podcast batean aditu nuen lehenbiziko aldiz sexilio hitza, baina informazio bila hasi nintzenean ikusi nuen Euskal Herrian ez dela ia ikertu honen inguruan. Aldiz, inguruko jendearekin solastatuz, konturatu nintzen horrelako esperientzia ugari izan direla gure inguruan. Esperientzia horiek ikertu eta transmititu nahi izan nituen.  

Euskal Herriko landa eremuko bortz lagunen testigantzak eta argazkiak bildu dituzu. Lana azalduko zenuke? 

Xerka testu eta argazki bilduma bat da, Euskal Herriko landa eremuko bortz lagunen testigantzak eta hausnarketak biltzen dituena, herri ttikietako LGTBI+ komunitatearen eta sexilio fenomenoaren inguruan. Fotokazetaritza liburu hau bortz kapitulutan banatua dago, eta horietako bakoitzean, testigantza bakoitzak hainbat gairen inguruan hausnartu eta bere bizipenak kontatzen ditu, lehenbiziko pertsonan: haurtzaroa, erreferenteak, armairua, diskriminazioa...

Eta izenburuarekin zer adierazi nahi izan duzu? 

Xerkatzea bilatzea, arakatzea, esploratzea da. Xerka terminoarekin norbere buruaren aurkikuntza edo onarpen prozesuan agertzen diren sentsazio komunei erreferentzia egin nahi izan diet.

Nolakoa izan da lana osatzeko prozesua? 

Lehenbizi, sexilioari buruzko dokumentazio lana egin nuen: liburuak irakurri nituen, hainbat elkarterekin harremanetan jarri nintzen: Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartea, Hiruki Larroxa Parekidetasun eta LGBT+ gaietan herri proiektu integralak garatzen dituen kooperatiba,, Loratuz Lotu Trans helduentzako elkartea... LGTBI+  aktibistei elkarrizketak egin nizkien... Ondotik, bortz testigantza aukeratu nituen. Euren herrietara joan, elkar ezagutu, solasaldi luzeak egin eta argazkiak atera genituen. Azken lana testuak eta argazkiak editatzea, prestatzea eta liburua maketatzea izan zen. Baita memoria idaztea ere, lana osatzeko prozesu osoari buruz. 

Irudiari ere garrantzia eman diozu. Nola landu duzu?  

Lanaren erronkarik handienetako bat gaiari indar bisuala aurkitzea izan da, hau da, gaia nola irudikatu asmatzea. Erreferente aunitz aztertu ondotik, paisaia eta erretratua, argazkilaritzako bi genero klasiko, uztartzea erabaki nuen, testigantza bakoitzak bere ingurunearekin, hau da, herriarekin, duen harremana irudikatzen saiatzeko. Horretarako zenbait teknika erabili ditut: esposizio luzeak, fokuratzea eta desfokuratzea, kolore tonuak, testurak, islak...  Emaitzaz harago, prozesua bera ere hagitz ederra izan da. Erranen nuke parte hartu duten testigantzak hagitz eroso sentitu direla proiektuarekin, eta hori ere bazen helburu nagusietako bat, dudarik gabe. 

Martxel Larraza Indaburu sari banaketa ekitaldian.

Zer kontatuko zeniguke protagonistei buruz? 

Protagonistak Iker, Itziar, Markel, Dom eta Harriet dira, Nafarroako, Nafarroa Behereko, Gipuzkoako eta Arabako hainbat herritako LGTBI+ kolektiboko pertsonak. Hainbat belaunalditako jendea da, 19 eta 58 urte bitartekoa. Lurraldetasunaz eta adinaz gain, ezinbertzekoa zen komunitateko identitate guzien aniztasuna ere adieraztea: gayak, lesbianak, bisexualak, transak, ez-bitarrak... Lagin ttikia, baina askotarikoa da.

Testigantzen artean bada bereziki gogoan gelditu zaizun bakarren bat? 

Testigantzetako batek kontatzen du 16 urterekin, lesbiana izatea zer zen ez zekienean, neska bat musukatu zuela. Euskal Herrian ezin izanen zela libre bizi pentsatuta, hainbat urtez kanpoan bizi izan zen. Hamar urte beranduago, herrira bueltatzeko beharra sumatu zuenean, garai hartako neska berberarekin maitemindu zen eta herrian ezkondu ziren. 

«Diskriminazioa hagitz presente dago oraindik»

Landa eremuan sexilioa errealitatea dela erran izan da aunitzetan, ez direla gutti herria uzten duten LGTBI+ komunitateko kideak. Zer erranen zenuke horren inguruan? 

Hala da, bai. Hirietan ez bezala, herri ttikietan zaila da oraindik komunitate bat sortzea edo norbere identitatea arrunt libre bizitzea. Gero eta toleranteagoak garela uste dugu, edo hori erraten dugu bederen, baina fisikoki ez bada ere, diskriminazioa hagitz presente dago oraindik. Herrietan, biolentziarik ohikoena sinbolikoa da: irainak, begiradak, zurrumurruak... Eta ez dugu urruti joan beharrik hori ikusteko; azken urtebetean hiru eraso LGTBIfobo salatu dituzte Baztanen: Arraiozko bestetan, Erratzun eta azkena Arizkun Rocken. Egoera horien aurkako ihesbide bat, aunitzentzat, sexiliatzea da: sexu orientazioarengatik edo genero identitatearengatik jasandako zapalkuntzarengatik hiriguneetara migratzea. 

Zer mezu zabalduko zenuke? 

Lana irakurtzeko jendearen interesak argi utzi dit oraindik ere hagitz beharrezkoa dela gisa honetako erreferenteak ikusaraztea. Lekukotza batzuk gogorrak dira, baina transmititu nahi izan dudan mezua positiboa da: Euskal Herriko herri ttikiak ere bizigarriak izan daitezke LGTBI+ komunitatearentzat. Sexilioa bizitzeko modu aunitz daudela, norberak bere bidea egiten duela eta aukera guziak direla onargarriak adierazi nahi izan dut.

Saria irabazteak halako lan gehiago egiteko gogoa sortu dizu? 

Sariaren harira, azken aldian jende aunitzek erran dit lana ikusteko gogoa duela. Horrek lan honi hedapena emateko gogo handia piztu dit, baita proiektu berriak hastekoa ere.  Oraindik ez dakit zer formatutan: liburua inprimatu eta argitaratuta, erakusketa bat eginez, dokumentala grabatuz... Baina gustatuko litzaidake honi segida ematea.

Etorkizunera begira zein asmo dituzu? 

Zinema, izan fikzioan edo izan dokumentalgintzan, probatzea izugarri gustatuko litzaidake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun