AIMAR OTXOTEKO

«Zegama-Aizkorri noizbait egitea gustatuko litzaidake»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 28a, 09:00

Aimar Otxoteko aurtengo Lesakako mendi lasterketan. Irabazteaz gain, probako errekorra ere hobetu zuen.

Aimar OTXOTEKO LARRARTE, Lesakako mendi korrikalaria

Berriki arte futbolean aritua, joan den urtean erabaki zuen Otxotekok baloia utzi eta buru-belarri mendi lasterketetan hastea. Emaitzak ikusita, ez dirudi erabaki txarra izan zenik.

Mendi lasterketetan bere bidea egiten ari da Aimar Otxoteko Larrarte (Lesaka, 2000ko irailaren 12a). Bi aldiz hirugarren izan da Etxarriko Triku Trail lasterketan, eta Lesakako mendi lasterketa eta Oiartzungo Intxixu Trail irabazi ditu aurten.

Mendi lasterketetan hasi baino lehen, ttikitan pilotan eta gero futbolean ere aritu zara… 

Ttikitan pilotan eta futbolean aritzen nintzen. Gero futbolean bakarrik, Beti Gazten, eta jubenil mailako hiru urtetan Donostiako Antiguoko taldean aritu nintzen. Beti Gaztera bueltatu eta futbolean gehien disfrutatu dudan urteak etorri ziren: hirugarren mailara igotzea lortu genuen herriko taldearekin, historian lehen aldiz, hirugarren mailan jokatu… hagitz polita izan zen eta betirako hor geldituko dena.

Baina 2022-23 denboraldia bukatutakoan mendi lasterketara pasatzea erabaki zenuen…  

Futbolarekin batera ibiltzen nintzen mendi lasterketetan, tarteka, udan, asteburuetan ahal nuenean… Lanarekin ere gero eta guttiago entrenatzen ahal nuen futbolean eta lasterka egiteak gehiago tiratzen ninduen. Bi kirolak batera egitea zail da, lanean ere turnoka aritzen naiz, eta duela urtebete utzi nuen futbola.

Mendian lasterka ibiltzeko afizioa aspalditik heldu zaizu? 

Aita eta osabak ere ibiltzen ziren eta haiei ikusita hasi nintzen aitarekin mendira joaten, eta gustatu zitzaidan. 

Mendi lasterketetan hasi berria, baina hasiera-hasieratik onenen artean, 2022an eta iaz hirugarren Triku Trailen eta lehena Goizutraileko ibilbide laburrean, aurten garaile Lesakako mendi lasterketan eta Intxixu Trailen… Espero zenuen maila horretan ibiltzea? 

Egia erran, ez Lesakan ezta Oiartzunen irabaztea ere ez nuen inondik ere espero. Etxarrin lehen aldiz hirugarren egin nuenean ere, 2022an, oraindik futbolean ari nintzela, ez nuen espero. Ustekabe handiena hura izan zen, seguruenik. 

«2022ko Triku Trailen hirugarren egitea ustekabe handia izan zen»

Hainbat lasterketa irabazi dituen Hodei Lujanbio bezalako “beteranoak” gibelean utzi zenituen Oiartzunen… Horrek ere animo gehiago emanen du, ez?

Bai Beran, baita Goizuetan ere bere gibeletik ibili nintzen eta Oiartzunen justu-justuan bere aitzinetik gelditzea suertatu zitzaidan. Beran joan den urtean hamaikagarren eta aurten zortzigarren gelditu nintzen, baina ez nintzen gustura gelditu, denbora makurragoa egin nuen. Larhunetik jaisten gaizki pasatu nuen, gihar aunitz igo zitzaizkidan, kalanbreak…

8-10 kilometrokoetatik hasi eta 100 km edo gehiagoko ultratrailak bitarte, distantzia ugariko mendi lasterketak daude… Zeinetan moldatzen zara hobekiago? 

Orain arte gehien bat maratoi erdietan ibili naiz. Lesakakoa eta Oiartzungoa laburxeagoak dira eta horietan emaitza onak atera zaizkit. Pixko bat luzexeagoak ere egin ditut, eta eginen ditut gerora, baina Ultratrail gisako horiek errespetu handia sortzen didate. Hagitz luzeak ikusten ditut, hainbat ordu aguantatzeko, bai buruak, bai hankek… hagitz gogorra iruditzen zait, entrenamendu aunitz behar da. 

Lana eta kirola uztartzea ez da erraza izanen… 

Saveran ari naiz turnoka, baina denbora badut entrenatzeko. Astean lau aldiz lasterka egitera ateratzen naiz eta bertze egun pare bat bizikletaz. Orain arte nire gisan ibili naiz, baina orain dela hilabete pare bat hasi naiz prestatzaile batekin, Javi Cardonarekin. Orain arte lasterka egitera ateratzen nintzen, bertzerik gabe, proba egin eta bale! Orain nola entrenatu eta zer egin gehiago badakit… Jendeak erraten zidan probatzeko, hasieran ez nengoen konbentzitua, baina probatzea erabaki dut.

Elikadura bereziki zaindu behar izaten duzu? 

Bai bai… Lehengo urte bukaeran lasterketa batzuetan gaizki bukatzen nuen. Ongi hasten nintzen baina indarrik gabe bukatzen nuen, ez nekatua, baina ezin nuen korrika egin. Medikuekin egon eta beraien ustez janariaren kontua zela zioten. Orduan hasi nintzen nutrizionista batekin, berak gidatzen nau eta hagitz gustura. Entrenatzerakoan hau eta hau jan behar duzu, proba egunean bertze hau… Deus ez dit debekatu, baina begiratu behar da.

Aurten baduzu bertze lasterketaren bat begi bistan? Zein lasterketan ateratzea gustatuko litzaizuke? 

Etxarriko Triku Trailen ondotik bi hilabeteko atseden hartu dut, uztaila eta abuztua. Azkainen irailaren 21ean eginen den Sky Run lasterketak azken urtea du aurten eta gustatuko litzaidake egitea. Horretarako guttieneko denbora egin nuen Etxarrin, baina ea dortsala egokitzen zaidan zozketan. Joan den urtean egin nuen lasterketa hau, baina gaizki ibili nintzen, bajoi handiena eman zidan karrera izan zen. Ongi hasi nintzen, baina Larhunera goitzen malda gogorra da eta gaizki ibili nintzen, lasterka ezin egin, oinez gehiena, kristoren jende pilak pasa zaidan… Bukatu nuen, baina ez nuen aurten parte hartzeko adinako markarik egin. Pena eman zidan, baina egun guztiak ez dira berdinak! Zegama-Aizkorri egitea ere gustatuko litzaidake, ikustera joan izan naiz, eta parte hartzeko gogo handia sortzen zaizu. Giro izugarria izaten da eta beti egin nahiko zenukeen karrera da. Aurten zozketan parte hartu nuen, baina ez zitzaidan egokitu, ez zen suerterik izan.

Beti Gazteren izenean aritzen zara… Ez dakit horrelako emaitzak ikusita bertze talde espezializatuagoren baten eskaintzarik izan duzun edo gustatuko litzaizukeen izatea?

Oraingoz ez dut eskaintzarik izan, ez (kar, kar). Horrelako talde dezente badira, bai, eta ez dut aterik ixten… Ikusten duzu eta aditzen duzu zer eskaintzen duten, batzuk igual masajeak ematea eta horrelako gauzak…

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun