Herriko errekak garbitzeko auzolana eginen dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 17a, 10:00

Iazko auzolanean aritu ziren herritarretako batzuk.

Berako Udalak eta Ehiza eta Arrantza Elkarteak auzolana antolatu dute larunbaterako herriko errekak garbitzeko. Iazko ekitaldiari jarraipena eman nahi diote eta, intentzioa, auzolan hau urtero finkatua gelditzea da. 

Helburua herri kaxkoan dauden erreka bazterrak garbitzea da: zaborrak bildu, landaredia inbaditzailea kendu... Aurten, bereziki indarra paratuko dute Matzada erreka, Lamixeneko ingurua eta Xubi Xabal ingurua garbitzen, baina Zia erreka ahantzi gabe. Uztailaren 20an eginen dute, larunbatean eta interesa duen herritar oro deitua dago. Hala ere, aitzinetik izena eman behar da 948 60 00 05 zenbakian edo bera@bera.eus helbidean.

09:00etan elkartuko dira Altzateko plazan eta taldetan antolatu ondotik, aurrez zehaztutako tokietara joanen dira. Komenigarria da arropa eta oinetako egokiekin joatea eta ahal bada eskularruekin. Lan mota horretarako tresneria eta makinaria eramateko ere eskatu dute.

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak edukiontziak jarriko ditu auzolanean bilduko diren hondakinak biltzeko, eta goiza borobiltzeko, Ehiza eta Arrantza elkartean hamaiketakoa eginen dute parte hartzaileek 12:30ean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun