Lesakako saihesbidea eraikitzeko proiektua 450.000 euroan lizitatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 15a, 18:00

Lesakako saihesbideak Arcelor Mittalera doan errepidea baliatuko du, berriz ere AgiƱa aldera doan errepidearekin bat egiteko.

Udalerriko bide segurtasuna hobetuko duen jarduera hori Espainiako Gobernuak finantzatuko du, eta udalerriko hiriguneko trafikoa deskargatzea eta eremuaren garapena erraztea ahalbidetuko du

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 450.000 euroan lizitatu du Lesakako saihesbidea eraikitzeko proiektua. Gaur egun, N-121-A errepidea Gipuzkoako Oiartzun udalerriarekin lotzen duen NA-4000 zeharbidearen zati bat herriko erdigune historikotik igarotzen da, eta horrek bide-segurtasuna arriskuan jartzen du, ibilgailu astun batzuen zirkulazioa eragozten du eta inguruaren garapena kaltetzen du. Jarduera hori Espainiako Gobernuko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioak finantzatuko du, eta udalerriko hiriguneko trafikoa deskargatzea eta eremuaren garapena erraztea ahalbidetuko du.

Zeharbideak arautzen dituen araudiak eta Lesakako morfologiak eta konfigurazio historikoak -eraikinen artean ez dago behar bertzeko distantziarik- eragiten du, batetik, biztanle dentsitate handiena duten guneetako bik espaloirik ez izatea herriko interesguneetara ailegatzeko, eta, bertzetik, 12 metro baino gehiagoko luzera duten ibilgailu astunek ezin izatea inguruan ibili.

Herriaren hazkundeari dagokionez, Baztan-Bidasoaldeko motor ekonomikoetako bat da Lesaka, eta Lapurdiko mugatik, Donostiatik eta Iruñetik gertu egoteak, nazioarteko hainbat enpresa dituzten bi poligonoren garapena eragin du. Herrigunea gurutzatu gabe poligono horretara sartzeko ezintasuna da garapen ekonomiko eta urbanistiko horrekin jarraitzeko bertze eragozpenetako bat.

Etorkizuneko saihesbideari esker, Lesakako hirigunean gaur egun bultzatzen ari den mugikortasun-plana bukatu ahal izanen da. Horretarako, oztopo arkitektonikoak kenduko dira, espaloiak eta galtzada berdinduko dira eta batez ere oinezkoentzat eta bizikletentzat pentsatutako guneak sortuko dira.

Saihesbidearen irtenbidea, funtsean, ArcelorMittal enpresara doan NA-4001 errepideari jarraipena ematea izanen da, Agiña eta Oiartzun aldera doan NA-4000 errepidearekin berriro bat egin arte, 3 eta 3,5 kilometroen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun