Turismoa dinamizatzen jarraitzeko helburuarekin, uda honetan ere bisita gidatuak eskainiko dizkie Lesakako udalak herritarrei eta kanpotik datozen turistei. Hauek free tour moduan eginen dituzte, hau da, prezioa bisitariaren esku geratuko da. Euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera emanen da, Harriondoa Kultur Etxean dagoen turismo bulegotik aterako dira eta plaza erreserbatzea gomendatzen da (662 64 81 81 whatsapp bitartez /teknikaria1@lesaka.eus).
Gaiari erreparatuta, bi bisita gidatu mota izanen dira: Lesaka: gure kulturaren sorterria eta Lesaka: pelikulen eszenatokia. Lehenengoan, herriko eraikinei, txokoei, tradizioei, kulturari… buruzko azalpenak emanen dituzte eta ordu eta erdiko iraupena izanen du. Bigarrenean, berriz, Lesakan filmatutako pelikulak izanen dira protagonistak, herriko zenbait eszenatoki bisitatuz. Free Tour hau pixka bat luzeagoa izanen da, bi ordu ingurukoa.
Hauek dira bisita gidatu bakoitzaren datak eta ordutegiak: Lesaka: gure kulturaren sorterria: uztailaren 19a, 16:30ean; uztailaren 21a, 12:00etan; uztailaren 28a, 12:00etan; abuztuaren 4a, 12:00etan; abuztuaren 11, 12:00etan; abuztuaren 18a, 12:00etan; abuztuaren 23a, 16:30ean; abuztuaren 25a, 12:00etan eta irailaren 7a, 11:00tan.
Lesaka: pelikulen eszenatokia, aldiz: uztailaren 27a, 11:00etan; abuztuaren 9a, 16:30ean; abuztuaren 17a, 11:00etan eta irailaren 8a, 12:00etan.
Honez gain, bisita gidatu hauek modu autonomoan egiteko aukera ere ematen du Lesakako Udalak. TopRutas app-a doan deskargatuz, bisitariak audiogida eta testu bitartez bi tour-ak bere kabuz egin ditzake, edozein egun eta orduan. Bi ibilbide hauez gain, aplikazioak mendiko bortz ibilbide ere proposatzen ditu.