Uxua Lazkanotegi

«Gero eta jende gehiagok behar du buru osasuneko laguntza»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 14a, 09:00

Uxua Lazkanotegi Matxiarena beratarra Aita Menni-Ahizpa Ospitalariak zentroetako laguntza zuzendaria da.

Uxua LAZKANOTEGI MATXIARENA, buru osasunean aditua

Buru osasunean aditua da Uxua Lazkanotegi beratarra eta gaia normaltasunez hartzearen garrantziaz aritu da, «edozeinek izaten ahal dugulako buru osasuneko eritasunen bat».

«Buru osasunaz ari garenean, beti bertzeei pasatuko zaiela pentsatzen dugu, baina jakin behar dugu inor ez gaudela libre. Datuen arabera, lautik batek buruko patologiaren bat izanen du bere bizitzan». Halaxe kontatu du Uxua Lazkanotegi Matxiarena beratarrak. Gaia «normaltasunez» lantzeko beharraz aritu da, eta «buru osasunari lotutako eritasunak dituztenak onartzeko» eskatu du. Badaki zertaz ari den, buru osasunean aditua baita. Ikasketaz erizaina da, buru osasunean espezializatua, eta gaur egun Elizondoko Benito Menni zentroa hartzen duen Aita Menni-Ahizpa Ospitalariak zentroetako laguntza zuzendaria da. Nafarroako Unibertsitate Publikoko erizaintza fakultatean irakasle ere ari da, eta Espainiako Buru Osasunaren Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea da.  

«Edozein bertze eritasun baldin baduzu, denak ondoan izanen dituzu, baina buru osasuneko zerbait baldin baduzu, aparte geldituko zara»

Zergatik buru osasuna? 

Buru osasunaren gaia betitik gustatu izan zait. Erizaintza ikasten ari nintzela, praktikak egin nituen denboran, psikiatriako unitatearen ondotik pasatzea tokatzen zitzaidan. Baimendutakoek bakarrik zuten harat sartzeko aukera eta atearen bertze aldean zegoena zer zen jakin nahi izaten nuen, erizainek zer egiten zuten jakin. Baimena eskatzea erabaki nuen eta lau hilabetez praktikak egiteko aukera eman zidaten. Han konturatu nintzen erizainek jendearekin kontaktu ikaragarria dutela. Burua ez dugu hagitz ongi ezagutzen, eta jakin gabe, jendeak aise ematen du buru osasunaz bere iritzia. Bertze edozein eritasun baldin baduzu, denak ondoan izanen dituzu, baina eskizofrenia, depresioa edo buru osasuneko zerbait baldin baduzu, aparte geldituko zara. Egoera horrek laguntzeko gogoa ematen zidan, eta nire ibilbide profesionala buru osasunaren bueltan egin dut.   

Gaur egun, Aita Menni-Ahizpa Ospitalariak-eko laguntza zuzendaria zara, irakaslea unibertsitatean, Espainiako Buru Osasunaren Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide... 

Bai. 1998an, Benito Mennira etorri nintzen, eta erizain hasi nintzen. Tarte horretan ikasten segitu nuen. Gerora, erizainen arduradun izatera pasatu nintzen, eta nire ibilbidea kudeaketara bideratzeko, joan den urtean, ospitaleetako eta osasun zentroetako kudeaketa eta zuzendaritza masterra egin nuen. Orduan eskaini zidaten gaur egun dudan lanpostua. Horrez gain, zortzi urte daramatzat unibertsitatean, Erizaintzako graduan, buru osasunari buruzko klaseak ematen. Eta duela lau bat urte Espainiako Buru Osasunaren Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izatea proposatu zidaten. Buru osasuneko erizaintzako espezialitatea ez da aunitz ezagutzen, eta beharrezkoa da bultzatzea.  

Eta zer bereizgarri ditu buru osasuneko espezialitateak? 

Gai horren inguruan bada alde eta kontra dagoen jendea. Batzuen ustez, erizainok jakintza orokorra izan behar dugu, arlo guzietan lan egiteko, baina nire irudiko, buru osasuneko espezialitatea berezia da, bertzelako zaintza behar duena: prebentzioa, promozioa...

Zein dira gaur egun buru osasunari lotuta dauden behar nagusiak? 

Nolabait erakustea inor ez gaudela libre. Buru osasunaz ari garenean, beti bertzeei pasatuko zaiela pentsatzen dugu, baina datuek erraten digute lautik batek  bizitzan buru osasuneko eritasunen bat izanen duela. Urrutira joan gabe izanen dugu buru osasuneko arazoaren bat duen norbait. Datu batzuk aipatze aldera, 2021ean, Nafarroan, buru osasunari lotutako 151.854 kontsulta izan ziren. Buru osasuneko arazoekin laneko bajak % 53 hazi dira; eta langileen % 15ek buru osasuneko arazoren bat du. Gehiago ere bai. 2023an, Nafarroan 61 lagun suizidioz hil ziren eta munduan hamar segundoero suizidiogatik pertsona bat hiltzen da. 

«Zerbait sumatuz gero, laguntza eskatu behar da»

Buru osasunarena gai tabua da? 

Pandemiarekin buru osasunaren garrantzia agerian gelditu zen, eta uste nuen hala izaten segituko zuela, baina lehengo martxan segitzen dugu. Buru osasuneko eritasunen bat baldin badugu, gordean edukitzen saiatzen gara, edo ez dugu erranen psikologoarengana, psikiatrarengana edo buru osasuneko zentroren batera joaten garela. Gainera, buru osasuneko eritasun larri bat dudala erraten badut, jendeak pauso bat gibelera egiten du. Kontuan izan behar dugu burua galtzea gogorra dela, kontrolatu ezin den zerbait. Sintomak gogorrak dira, eta bereziki norberarentzat. Buru osasuneko eritasuna dutenek egunerokoan ohikoak izaten ahal diren ardura batzuk egiteko zailtasunak dituzte: ohatzetik altxatu, dutxatu... Halako zerbait pasatzen bazaigu, beti pentsatzen dugu nekatua gaudelako izanen dela. Eta kanpoko jendeak 'ze alferra, ez du altxatu nahi; ze zikina ez da dutxatzen; nola aldatu den'... erranen du. Horrek ez du laguntzen, gero eta bakartiago sentiarazten du laguntza behar duena. Badira buru osasuneko gaixotasun larriak eta hain larriak ez direnak, baina ezin dira alde batera utzi. Bihurritu bat egiten duzunean, fisioarengana joanen zara, eta gehiago makurtzen bada, traumatologoarengana, alegia, beti laguntza eskatuko duzu. Baina zer gertatzen da buru osasunarekin? Tristura eta antsietatea sentitzea, ahotsak aditzea... Sintoma horiek ez dira gordean eduki behar, garrantzitsua da laguntza eskatzea. Zenbat eta lehenago egin, orduan eta hobekiago. Ez pentsatu bakarrik gaindituko dituzunik. Garaiz tratatzen hasita, igual eritasun kroniko bihurtuko da, baina bizitza normala eginez segitzen ahal izanen duzu. Gerorako utzita, berriz, konplikatzen ahal da. Buru osasuneko arazoak edozeinek izaten ahal ditugula onartu, eta jendeak beldurrik gabe laguntza eskatzen ahal duela sentitu behar du; eta norbaitek laguntza eskatzen badigu, laguntzeko prest egon behar dugu. Gaia normaltasunez hartu behar dugu. 

Zer dago buru osasuneko eritasunen gibelean? 

Bizimodua bera, estres ikaragarria dugu. Zerbait normala balitz bezala onartua dugu, baina estresa denbora luzez mantentzeak ondorioak sortzen ahal ditu. Horren harira, prebentzioan paratu nahiko nuke arreta, batzuetan norbere baitan dagoelako soluzioa. Norbere burua zaindu behar dugu, gelditu eta lasaitu. Haurrei ttikitatik emozioak bideratzen erakutsi eta elkarbizitzako baloreak berreskuratu behar ditugu. Denak diferenteak garela onartu behar dugu eta elkarrekin bizitzen ikasi, hala ez bada, ondorioak helduetan ere sumatzen dira.   

«Haurrei bizimodu egokiena zein den erakutsi behar zaie, eta nik kirolari garrantzia ematen diot»

Adin ttikikoak aipatu dituzu. Zer arazo ikusten dituzue haien artean? 

Gaur-gaurkoz gehien ikusten ditugunak antsietate, depresio eta adikzio arazoak dira. Drogak ere hor daude. Alkohola kontsumitzea, adibidez, normaltzat hartua dugu, baina datuak gogorrak dira. 13-14 urterekin hasten dira edaten, ikusten dutena egiten dute, hau da, mozkortu. Marihuana erretzeak ere buru osasunean kalte handia sortzen du. Gainera, ez dakigu gure zaurgarritasun maila zenbaterainokoa den, eta akaso edaten edo erretzen duen bati ez zaio deus pasatuko, baina bertze bati kalte handia eginen dio. Hor ere prebentzioa nabarmenduko nuke, bizi osasuntsua izatearen garrantzia. Norbere bizimodua aldatzea norbere esku dago, eta laguntza behar denean hor gaude profesionalak. Baina haurrei bizimodu egokiena zein den erakutsi behar zaie, eta nik kirolari garrantzia ematen diot. Osasun fisikorako edo buru osasunerako hagitz ona da; pastilla guttiago eta zapatila gehiago. 

Helduetan zein dira ohiko arazoak? 

Antsietatea eta depresio kasuak igo dira, eta neurri ttikiagoan, psikosia, nahasmendu bipolarrak eta adikzioak. Batzuetan, sufrimendua arintzeko adikziora jotzen du jendeak, alkoholera edo bertze toxikoetara. Horretan ikaragarrizko garrantzia du buru osasuneko eritasunen bat dutenak onartzeak. Eritasuna izanen dute, eta ezin diezu eskatu egin ezin duena, baina gure aldetik laguntzeko begirada izatea nahitaezkoa da. Benito Mennira lanera etortzen diren aunitzek zahar etxeetan nahiago dutela ari erraten dute, hemen ikara sentitzen dutela. Eta zergatik? Tratamendua eta laguntza behar dute, baina gu bezalakoak dira. Hemen ongi eta seguru sentitzen dira, eta badakizu zergatik? Ondoan gaudelako. Kanpoan baztertu egiten dituzte, etengabe aditzen dute ez dutela deusetarako balio, hori sinesteraino.Gero eta jende gehiagok behar du buru osasuneko laguntza. 

Teknologiak badu eraginik? 

Bai. Teknologiak adikzioak sortzeko prestatuak daude. Dena ez da txarra, baina gauza guziak bezala, mugak paratzen eta oreka bilatzen jakin behar dugu. Teknologia berriekin denekin konektatuta gaudela iduri du, baina bakardadea sortzen dute.

«Norbere buruarentzat denbora hartzea hagitz inportantea da»

Badira nahiko baliabide buru osasuneko arazoei aurre egiteko? 

Nafarroan sare ona dago, baina beti egiten ahal da gehiago eta baliabideak ongi bideratu behar dira. Hainbertze behar ditugu, eta batzuetan behar horiek elkar lagunduz gainditzen ahal ditugu. Buru osasuneko erizainok lanerako zer erreminta ditugun galdetzen didatenean, gure tresna solasa dela erantzuten diet. Aditzen jakitea, solastatzea eta aurrez aurreko harremana buru osasunerako hagitz tratamendu onak dira. 

Edozeinen buru osasuna zaintzeko zer aholku emanen zenuke? 

Batetik, bizi ohitura osasuntsuak izateko, hau da, ongi jan, ongi lo egin, kirola egin, eta ahal bada ez erre, ez edan edo ez bertze substantziak kontsumitzeko. Eta bertzetik, agendan geure buruarentzako hitzordua hartzeko. Presaka bizi gara, baina hagitz inportantea da geure buruarentzat denbora hartzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun