Zirku tailerrak eta ikuskizunak izanen dituzte ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 9a, 19:00

Joan den urtean ere, Muga Gabe zirku festibaleko saioa egin zuten Beran.

EASAC Urruñako Arte eta Zirku eskolak Muga Gabe zirku festibala antolatu du Berako, Urruñako, Biriatuko eta Azkaineko herriko etxeen laguntzarekin. Uztailaren 12tik 14ra hainbat ekitaldi eginen dituzte hiru herrietan, eta tartean, ortziralean, uztailaren 12an, Beran izanen dira.

Beran bi tailer eta bi emanaldi eginen dituzte herriko etxeko plazan.

Tailerren kasuan, alde batetik, sei urtetik goitikoentzat akrobazia tailerrak eginen dituzte. Zirkuko hainbat diziplina ikasteko aukera izanen dute: akrobaziak, objektuen gainean oreka… EASAC Urruñako zirku eskolak emanen ditu tailerrak eta 30 minutuko bi txanda eginen dituzte: 17:30etik 18:00etara bat eta 18:00etatik 18:30era bertzea. Bertzetik, clown tailerra eginen dute. Kasu honetan, sei urtetik goitiko haurrentzat eta helduentzat. Berako Uhartean konpainiako Esther Carrizok emanen du, 18:30etik 19:30era.

Tailerretan parte hartzeko aitzinetik lotura honetan eman behar da izena. Argibide gehiago nahi izanez gero, berriz, 948 63 12 22ra deitu edo kultura@bera.eus-era idatzi behar da.

Tailerren ondotik, bi emanaldi eginen dituzte: 20:00etan KA, MI, KA, ME akrobazia ikuskizuna eginen dute Urruñako zirku eskolakoek eta 20:30ean A tope konpainiak Shhh…! Akrobazia ikuskizuna eginen du.

Talo postua ere paratuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun