Berako Eztegara frontoia pintatzen ari dira egun hauetan. Bada, batzuk bertara sartu eta «hainbat kalte» egin dituztela jakinarazi du Berako Udalak: «baloi markak nonahi, bizikleta gurpilen markak paretetan, margotu berriak ziren eta oraindik idortu gabeak ziren zolako marrak zanpatuak, pintoreen eta igeltseroen laneko materiala dagoen espazio itxian txikizioak, pintura, disolbatzaileak eta antzekoak nonahi zabalduak, tresnak eta erremintak kultur etxeko aparkalekuan barna, erremintaren bat ebatsia…». Hala kontatu du Berako Udalak. «Larunbat eguerdian, obrako langileek frontoia egoera onean utzi zuten. Eta igandean, arduraduna puska batzuen bila bueltatu zenean ikusi zuen gertatutakoa».
Eztegara frontoiko konponketak «ilusio handiz» egiten ari dela aitortu du Berako Udalak: «frontoi ederra dugu herrian, harro gaude eta batzuk zaintzen saiatzen garen bitartean, bertze batzuk egindako deuseztatzen ari dira». Oharrean, pilota eskola egiten ari den lan «eredugarria» aipatu du udalak, «gurasoak buru-belarri lanean, ia ehun haur pilotan, elkartasun eta herrigintza baloreak ikasiz bide batez». Frontoiko ostatua «auzolanean hornitu» izana ere txalotu du, eta gaineratu du «teilatua moldatzen» ari direla: «Horrek guztiak esfortzu ekonomiko bat suposatzen du, herritar guztiok ordaintzen ditugu lan hauek, eta zer eta bertze batzuek eraikitakoa hautsi bertzerik ez dute buruan»
Azken txikizioak «egun seinalatuan» pasatu direla ere adierazi du: «Uztailaren 7an, Berak Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako finala Labriten jokatu zuen egun berean. Egun ederra pasatu genuen haur, guraso, herritar eta udal ordezkariok Iruñean. Baztanek eraman zuen txapela, baina harro sentitu gara Baztango lagunez eta gure herriko gaztetxo eta guraso zoragarriez. Eta arratsean etxera bueltatu eta albiste hau… Beratarrok ez dugu horrelakorik merezi».
Azken asteotan «espazio publikoetan bertze txikizio batzuk» izan direla ere gaineratu du Berako Udalak: «zuhaitz mozketak, haur parkeetako lorategietan suntsiketak…». Udalak «irmoki salatu» nahi izan ditu gertakariak: «Gutxi batzuen jarrera desegoki hauek gaitzesten segituko dugu».
Horrekin batera laguntza eskatu du udalak: «egun eta ordu horietan pilotalekutik sartu-aterian norbait ikusi baduzue pilota eskolako edo udaleko arduradunekin harremanetan jarri».