Berako Udalak adierazi duenez, «Kanttonberriko lanak erritmo onean doaz eta uztailaren bigarren hamabostaldian karrikaren iparraldera, Legia aldera, ailegatuko dira». Heldu den astean tartea zulatzen hasteko asmoa dute eta, beraz, uztailaren 15etik aitzinera karrika osoa itxiko da trafikorako eta aparkaleku guztiak kenduko dituzte.
Hori dela eta, Toki Onako aparkalekuko plaza guztiak egokitu dituzte bereizgarri berdea duten egoiliarrentzat. Horietako batzuk, Miljar aldekoak, Berako zein kanpoko bezeroentzat erreserbatuko dituzte, ordubeteko mugarekin. Azaldu dutenez, «ez da exijituko indarrean dagoen ordu-diskoa paratzea, baina dei berezia egiten zaie erabiltzaileei plaza horietako ordubeteko muga errespetatzeko, denon mesederako. Nolanahi ere, kontrola eginen da abusuak saihesteko eta hala badagokio, zigortu ahal izanen da».
Bitartean, hilabete honetan, Ekialdeko eta Egoitzako karrika berriak moldatuko dituzte oinezkoek erabiltzen hasteko.