Uda sasoian ohi baino langile gutiago izanen dira Bortzirietako mediku kontsultategietan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 6a, 09:00

Larrialdiak ohi bezala Lesakako osasun etxean artatuko dituzte.

Lesakako Osasun Etxeak jakinarazi duenez, uda sasoian ordezkapenak egiteko langilerik ez da egonen Bortzirietako kontsultategietan. «Urtean zehar izan ditugun lanpostu hutsen eta bajen egoera larriari, langileen merezitako oporrak gehitu behar zaizkie». 

Jakinarazi dutenez, bertze leku batzuetan ez bezala, kontsultategiak irekita mantentzen saiatuko dira, baina langile gutxiagorekin. Hala ere, ohartarazi dute egun batzuetan itxi daitekeela kontsultategiren bat.

«Langilerik ez dagoela konpontzeko, hainbat neurri hartu ditugu herritarren osasun arazoei erantzun ahal izateko. Neurri horiek osasun langileengan eta biztanlerian eragina izanen dute, eta hori dela eta, pazientzia eta ulermena eskatzen diegu herritarrei»

Goizeko ordutegian kontsultak beti bezala eginen dira ezarritako telefonoetan, eta administrazioko langileak izanen dira triajea egin eta lehen kontsultei lehentasuna emanen dietenak. Astean zehar 15:20etatik hurrengo eguneko 08:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan 112 telefonoaren bidez bideratuko dituzte larrialdiak Lesakan.

Horrez gain, oroitarazi dute aholkuak emateko erizain zerbitzua ere izanen dela astelehenetik igandera eta jaiegunetan 08:00etatik 22:00etara 948 29 02 90 zenbakira deituta. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun