Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak bultzatuta, Lesakako sanferminetan Puntu Moreetan zerbitzu profesionala eskainiko dute. Horretarako, puntuetan une oro Emagin Elkarteko bi emakume* aditu egonen dira Eskol Ttikin uztailaren 5ean eta 6an.
19:00etatik 00:00etara Informazio Gunea izanen da Eskol Ttiki kanpoaldean: indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizazio gunea. Herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko besta eremuan kokatutako informazio gunea izanen da eta hiru helburu nagusi ditu. Batetik, emakume*, neska* gazte zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak jasoko dituzte. Bertzetik, eraso horien gaineko informazioa zein horiei aurre egiteko tresnak eskainiko dituzte. Azkenik, eraso matxistak ez gertatzeko gizon eta mutilak ohartarazteko gunea ere izanen da, prebentziorako eta, erasorik gertatuko balitz, erantzuna bideratu ahal izateko.
00:00etatik 08:00etara Arreta Gunea izanen da Eskol Ttiki barreneko aldean: eraso matxisten aurrean arreta emateko eta esku hartzeko gunea. Besta eremuan emakume* nahiz LGTBIQ+ kolektiboko kideren batek eraso bat pairatuz gero, arreta eta laguntza zuzena eta profesionala eskaintzeko zerbitzua da. Aurrez aurreko arreta emozionala eta bidelaguntza eskainiko zaio. Bertzetik, horri aurre egiteko dituen aukeren gaineko informazio egokia eta aholkularitza eskainiko da
Bi egunetan eta ordutegi horietan Puntu Moreko telefono arreta zerbitzua ere eskainiko dute: 722 467 197 zenbakian. Modu honetan, eraso bat gertatuz gero Puntu Morera laguntza eskatzeko deitu daiteke.
Horrez gain, indarkeria matxistarekiko edozein gertaera edo bizipenen inguruko informazioa helarazi nahi bada, puntumoreabortziriak@gmail.com helbidera idatzi daiteke, jasoko den informazio guztiaren anonimotasuna bermatuta izanen da.
Aniztasuna errespetatzen dituen sanferminak nahi ditu Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak, «inolako diskriminazio eta erasorik gabe. Goza ditzagun denok sanferminak! Besta zoriontsuak!».