Jorge Agirre futbolari lesakarra Portugalgo lehen mailan ariko da datozen hiru denboralditan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 4a, 08:00

Jorge Agirre lesakarrak asteazkenean sinatu zuen fitxa Portugalgo ligako lehen mailan jokatzen duen Gil Vicente Futebol Clube taldearekin.

Osasuna Promesas taldean kontratua bukatu eta Portugalgo Barcelos hiriko Gil Vicente taldeak fitxatu du

Donostiako Real Sociedad taldetik Osasunak fitxatu zuen joan den denboraldian Jorge Agirre de Cespedes futbolari lesakarra. Osasunako bigarren taldean aritu da 2023-24 denboraldian eta bortz gol egin ditu 24 urte dituen Lesakako aurrelariak. Orain, bere ibilbidean bertze urrats bat eman eta Portugalgo ligako lehen mailan ari den Gil Vicente Futebol Clube taldeak fitxatu du, hiru urterako.

Portugalgo ipar aldean, Galiziatik gertu, Braga eskualdeko Barcelos hiriko taldea da Gil Vicente. Ligako sailkapenaren erdialdeko taldea dela erran daiteke, baina 2022-23 denboraldian UEFA Conference League ere jokatu zuen.

Uztailaren 3an sinatu zuen Agirrek eta klubeko sare sozialetan adierazi duenez, «kontent eta hasteko gogotsu nago, talde kideak eta entrenatzaileak ezagutzeko. Estadioa hagitz polita da eta zelaia eta gimnasioa ere probatu dut pixka bat eta hagitz ongi daude. Hiria ere hagitz polita iruditu zait, lasaia eta bertan bizitzeko egokia». Bi hankak ongi erabiltzen dituen aurrelari gisara aurkeztu du bere burua Agirrek, buruz ere ongi dabilena, mugikorra, indartsua eta bizkorra.

Gil Vicente taldearen estadioa eta zelaia eta Barcelos hiria ezagutzeko aukera izan du lesakarrak.

«Agora tambe soi galo» (Orain ni ere oilarra naiz) portugaldarrez erranez bukatu du klubeko sare sozialetarako egindako elkarrizketa. Hain zuzen, oilarra da hiriaren sinboloetako bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun