Epaitegira, Etxalarko Tximista errekan 15 amuarrain debekualdian arrantzatzeagatik

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 3a, 15:45

Foruzaingoak jakitera eman duenez, arrantzarako debekualdian eta debekatuak dauden arteekin zebilen gizon bat harrapatu dute Etxalarren, 15 amuarrainekin. Aurten Nafarroan amuarrain arrantzan ibiltzeko baimena ekainaren 30ean bukatu zen. Hortaz, foruzainek eginbide penalak ireki dizkiote arrantzale honi, fauna babesteari buruzko delitu bat egin duelakoan.

Etxalarko Tximista errekan arrantzan ari zenean Elizondoko komisariako patruila batek gizon bat identifikatu du. Agenteek haren gauzak miatu dituenean, 15 amuarrain aurkitu dizkiote, kanaberaren eta debekatutako amuekin batera (arpoitxodun amu hirukoitza zuen koilaratxo bat).

Zigor Kodeak zortzi hilabetetik hamabi hilabete arteko isun zigorra ezartzen du gisa honetako delituendako, bai eta bi urtetik bortz urte arteko denbora tarte batean arrantzan egiteko eskubidea kentzea ere.

Eginbideak Iruñeko Guardiako Epaitegira eta Nafarroako Ingurumen eta Hirigintza Fiskaltzara bidali ditu Foruzaigoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun