Hitzarmen duinaren eta soldata eguneratzearen alde ia lau astez greban egon dira Lesakako Echeveste Hermanos lantegian. ELA sindikatuko ordezkaria den Jose Gregorio Etxeberria langileak aipatu digunez, beraien eskariak kontuan hartuz zuzendaritzarekin hitzarmena adostu eta sinatu dute uztailaren 2an, astearte eguerdian eta gaur, asteazkena, lanera itzuliko dira. Langileek eskerrak eman nahi izan dizkiete babesa eman dieten guztiei eta inguruko bizilagun guztiei.
Hainbat mobilizazio egin dituzte aste hauetan eta negoziazioa eskatzeko elkarretaratzea egin zuten zerrategiko langileek ekainaren 27an Lesakako Plaza Zaharrean. Hermanos Echevesteko langileak 22 egun greban, negoziazioa orain! zioen ELA sindikatuak sinatutako pankartaren gibelean, langileak eta senideak ez ezik, hainbat herritar bildu ziren elkartasuna adieraztera.
Hitzarmen duina eta zenbait kasutan 2020. urtetik «izoztuta eta eguneratu gabe» dauden soldatak KPIaren arabera eguneratzea eskatuz hasi ziren mobilizazioetan Echeveste Hermanos zerrategiko langileak. Bi orduko lan uzteekin hasi ziren, gero lau ordukoak eta zuzendaritzarekin solasaldiren bat izan bazuten ere, soluziobiderik eman ez zietenez, erabateko geldialdian egon ziren, txanda guztietan. 24 langile dituen zerrategiko ateak itxi zituen, beraz, eta horretaz gain, langileak gau eta egun egon ziren Luberrondoko bidegurutzean, enpresak Katazpegin duen bertze lantegira joan zitezkeen kamioien joan-etorria geldiarazteko.