Aimar Otxoteko lesakarra seigarren izan da Triku Trail mendi lasterketan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 1a, 19:00

Denboraldi ederra egiten ari da Aimar Otxoteko. Argazkian, Lesakako mendi lasterketan. Garaile suertatu zen eta probako errekorra egin zuen.

Azken bi urtetan podiumera igo ondotik, aurten seigarren izan da Aimar Otxoteko korrikalari lesakarra Triku Trail mendi lasterketan. 21 kilometro luze ea 1.300 metroko desnibel positiboa zuen lasterketa burutzeko ordubete, 54 minutu eta 26 segundo behar izan zituen, irabazle izan zen Iruñeko Xabier Macíasek baino bortz minutu eta 36 segundo gehiago.

Aurten podiumetik kanpo gelditu bada ere, egindako probarekin gustura dago Aimar Otxoteko. Berak aipatu digunez, «aurten Euskal Herriko Koparako baliagarria zen proba eta maila handiko korrikalariak ziren, beraz, zail zegoen podiumera igotzea». Orain, uztailean eta abuztuan atseden hartu ondotik, irailean Azkainen jokatzen den Sky Run probarako marka egin du Etxarrin eta «orain proba horretarako apuntatuko naiz eta ea suerte pixko batekin dortsala ematen didaten».

Gogoratu behar da Lesakako mendi lasterketa eta Oiartzungo Intxixu Trail irabazi dituela Aimar Otxotekok.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun