‘Hizkuntza-nahasmenduak haur elebidunen garapenean’ ikastaroa emanen dute Lesakan irailaren 20an eta 21ean

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 28a, 14:00

Ingurune elebidun eta eleaniztunetan aurkitzen diren hizkuntza-garapen nahasmenduak hobeto ezagutu, ebaluatu eta esku hartzean zentratuko da ikastaroa.

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu du, Uda Ikastaroen barne eta Harriondoan eginen dute

Euskal Herriko Unibertsitateak, Uda Ikastaroen barne, Hizkuntza-nahasmenduak haur elebidunen garapenean: ebaluazioa eta esku-hartzea izeneko ikastaroa eskainiko du irailaren 20an eta 21ean Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, Osasunbideak eta Elebilab erakundeak antolatua, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailen, Osakidetzaren, Euskarabidearen, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen, Bortzirietako Guztiok elkartearen eta Lesakako udalaren laguntzarekin. Izena eman daiteke www.uik.eus webgunean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza departamentuak homologatutako ikastaroa da eta 20 orduko balio akademikoa du.

Uda Ikastaro teoriko-praktikoa da, ingurune elebidun eta eleaniztunetan aurkitzen diren hizkuntza-garapen nahasmenduak hobeto ezagutu, ebaluatu eta esku hartzean zentratuko dena. Hiru multzotan antolatu da: Lehenengo multzoko hitzaldietan hizkuntza nahasmenduaren hautematea eta balorazioaren alderdi berriak aurkeztu eta aztertuko dira eta profesionalen prestakuntzaz solas eginen dute. Goizeko saio-bukaerako hitzaldiak Lesakan azken hamar urteetan antolatu diren Jardunaldiak bultzatu dituzten kezkak, eginbeharrak eta egindako aurrerapausoak bilduko ditu.

Bigarren saio-multzoan familiei zuzendutako hitzaldiak izanen dira, baita mahai-inguru antzeko saio bat ere, guraso-elkarteetako kideek beren bizipenak eta beharrak aurkeztuko dituztena. Tailer bat ere aurreikusten da, familiak zein haurren gaitasun sozialetan trebatzekoa, eta amaieran hizkuntza-garapen nahasmendua duten haurren familiekin esku hartzean eskarmentu handia duen nazioarteko erakunde baten hitzaldia izanen da.

Hirugarren blokea hizkuntza-garapeneko nahasmendudun haurren diagnosirako eta esku hartzeko alderdi praktiko eta zehatzagoak izanen dira solasgai nagusi. Euskaraz edota erdarazko hizkuntza-nahasmendua diagnostikatzeko tresnekiko esperientziak aurkeztuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun