Hitzarmen duinaren eta soldata eguneratzearen alde greban daude Lesakako Echeveste Hnos lantegian. Dagoeneko 22 egun bete dituzte egoera horretan eta negoziazioa eskatzeko elkarretaratzea egin zuten zerrategiko langileek Lesakako Plaza Zaharrean. Hermanos Echevesteko langileak 22 egun greban, negoziazioa orain! zioen ELA sindikatuak sinatutako pankartaren gibelean, langileak eta senideak ez ezik, hainbat herritar bildu ziren.
Hitzarmen duina eta zenbait kasutan 2020. urtetik «izoztuta eta eguneratu gabe» dauden soldatak KPIaren arabera eguneratzea eskatuz hasi ziren mobilizazioetan Echeveste Hermanos zerrategiko langileak. Bi orduko lan uzteekin hasi ziren, gero lau ordukoak eta zuzendaritzarekin solasaldiren bat izan bazuten ere, soluziobiderik eman ez zietenez, orain erabateko geldialdian daude, txanda guztietan. 24 langile dituen zerrategiko ateak itxiak daude, beraz, eta horretaz gain, langileak gau eta egun daude Luberrondoko bidegurutzean, enpresak Katazpegin duen bertze muntaia lantegira joan daitezkeen kamioien joan-etorria geldiarazteko.