Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako finalera joateko autobusa antolatu dute Beratik

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 26a, 17:00

Joan den urteko herriartekoan Berako taldea nagusitu zen ttikien kategorian.

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako finalak uztailaren 7an jokatuko dituzte Iruñeko Labrit pilotalekuan, bai ttikien kategorietan, baita handietan ere. Ttikietan Bera eta Baztan ariko dira eta handietan Doneztebe eta Larraun. Bortziriak Pilota Elkarteak Beratik Iruñera joateko autobusa antolatu du eta pilotariak zein izanen diren ere jakinarazi du.

Autobusa eta egun pasa antolatu du Bortziriak Pilota Elkarteak: 08:30ean aterako da autobusa Toki Ona Institutuko aparkalekutik. 10:30ean finalak hasiko dira eta finalen ondotik Doneztebeko Santamaria jatetxera joanen dira han bazkaltzeko. 19:30ean abiatuko da Doneztebetik Berara autobusa.

Izen ematea

Joan nahi dutenek uztailaren 4a baino lehen eman beharko dute izena. Bi modutan egin daiteke: Berako Errekalde ostatuan dagoen zerrendan apuntatuta, edo bertzela, 618 11 95 16 telefonora deituz edo Whatsapp bidez mezua bidaliz. Haurrek 20 euro ordaindu beharko dute eta helduek 40 euro. Prezio horretan dena sartuko da, hau da, autobusa eta bazkaria.

Bortziriak Pilota Elkarteak «Bortzirietako pilotari eta pilotazale guztiei» egin die animatzeko deia.

Pilotariak

Finalean izanen diren pilotariak zein izanen diren ere jakinarazi du Bortziriak Pilota Elkarteak:

  • Umeak: MIKEL UGALDE eta GEXAN LIZARDI
  • Kimuak: BEÑAT GOÑI eta EÑAUT ZUBIETA
  • Haurrak: ERIK IGOA eta JON LAZKANOTEGI

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun