Giro ederrean egin dituzte San Joan eguneko ospakizunak Igantzin

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 26a, 10:30

Urteko gau motzena pasatu berria dugu Igantzin ere. San Joan bezperan eguna goibel hasi zen eta egun guzian euritsu eta ilun egon bazen ere, ilunabarrean egitaraua betetzeko tartean ateri egon zen. Antolatua zegoen moduan, antzerki polit baten istorioan murgilduta, San Joan bezperako sua piztu zuten eta honen inguruan hurbildu ziren herritar talde zabalak frontoian afaldu ondoren salto ederrak egin zituzten. Ohiturari segituz hiru salto egin behar dira baina aunitzez gehiago egin zituzten bertara hurbildu ziren gehienek.

Biharamunean, San Juan Xarren meza eman zen, bertara joateko eta harat-honatak eroso egiteko, Igantziko Udalak doako autobusa paratu zuen. Mezaren ondotik, dantzari koxkorrek beraien saioa eskaini zuten eta, betiko moduan, Biltoki Ttikikoek kantina paratu zuten bokadu goxoa eta tragoxka egiteko, baita tradizionalak diren erroskilak erosteko ere. 

Jubilatuek ere ederki gozatu zuten eguna. Meza ondotik Baratzondo elkartean bazkari ederra izan zuten eta gero dantzarako eta kantarako aukera ere izan zuten, bazkalondo musikatua izan baitzuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun