‘Pueblos Vivid Herriak’ proiektuan parte hartuko duten Nafarroako hamar udalerrietako bat izateko hautatu dute Lesaka

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 26a, 15:00

Hirugarren sektorearen etorkizuna da kezketako bat, bereziki ekintzailetza eta belaunaldi-erreleboan. Argazkian, Gurekin Zerbitzu Elkarteko kideetako batzuk.

Fundación Empleak, Lesakako Udalak eta herriko Hirugarren Sektorearen Mahaiak lehen bilera uztailaren 1ean eginen dute

Lesaka herria hautatu egin dute Fundación Empleak sustatutako ‘Pueblos Vivid Herriak’ diruz lagundutako proiektuan parte hartuko duten Nafarroako hamar udalerrietako bat izateko. Fundación Empleak, Lesakako Udalarekin eta Hirugarren Sektorearen Mahaiarekin elkarlanean arituko da hurrengo hilabeteetan, Lesakako enpresa-sarean ahalik eta erabaki eta ekintza onenak aurrera eramaten saiatzeko.

Lehen bilera uztailaren 1ean

Hiru aldeen arteko lehen lan-saioa uztailaren 1ean izan da, astelehenean, 14:30ean herriko etxeko pleno aretoan. Jardunaldia Hirugarren Sektorearen Mahaiko partaideei zuzenduta badago ere, edonor joan daiteke eta bere ideiak edo kezkak azaldu. Aldi berean, mahai honetan parte hartzeko izena emateko aprobetxa dezake ere. Lesakako Udalak eskertuko luke asteleheneko saioan parte hartuko duen orok izena ematea, Whatsapp mezu bat bidaliz 662 64 81 81 telefono zenbakira edo teknikaria1@lesaka.eus helbide elektronikora e-Posta bat bidaliz.

Hirugarren Sektorearen Mahaia urtebete lanean

Duela urtebete sortu zuen Lesakako Udalak Hirugarren Sektorearen Mahaia, Lesakako komertzio, zerbitzu, alojamendu, ostalaritza eta herritarrek osatutako taldea. Hiru hilabetero biltzen dira beraien artean sinergiak bilatzeko eta ideia edo konponbide berriak eztabaidatzeko turismoaren eta hirugarren sektorearen esparruetan.

Talde honetan jaso den kezketako bat udalerriko hirugarren sektorearen etorkizuna izan da, bereziki ekintzailetza eta belaunaldi-erreleboan. Honen ondorioz, Lesakako Udalak diagnostiko bat egitea erabaki zuen, udalerriko hirugarren sektorearen egungo egoerari buruzko ahalik eta informazio gehien lortzeko. Diagnostiko horri esker, zeuden indarguneak, ahuleziak, mehatxuak eta aukerak identifikatu ziren. Hori kontuan hartuta, establezimendu guztien eta udalaren artean, ekintza planaren zirriborroa idatzi zen, Lesakarako etorkizun duin bat bermatzeko helburuarekin. Ekintza horietako batzuk dagoeneko aurrera eraman dira azken hilabeteetan, eta datozenetan, proiektu berri gehiago aurrera ateratzea da asmoa. Horietako bat izanen da ‘Pueblos Vivid Herriak’ proiektua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun