Berako Eztegara frontoia moldatzeko lanak egiten ari dira

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 28a, 08:00

Berako Udala Eztegara frontoian hainbat moldaketa lan egiten ari da. Lanak hasiak dira dagoeneko, eta hilabetez luzatzea espero dute.

Alde batetik teilatuan mantentze lanak egiten ari dira eta baita erretenak garbitzen ere. Azken haizeteetan hainbat kalte izan ziren bertan.

Horrekin batera, kantxa ere margotzen ari dira. Batez ere eskuin paretan eta errebotean dauden kalteak saneatu dituzte eta margoketa integral bat eginen dute. Beltz satinatuz margotuko dituzte hiru paretak, txapak horiz eta goiko aldea urdinez. Herriko logo berria ere paratuko dute, frontoiaren izenarekin batera. Eserlekuen gibeleko pareta ere margotuko dute. 

Ostatua tresneria berriz hornitzen ari da pilota eskola, eta ostatua ireki eta ixteko modu bat ere paratu dute. Azkenik, frontoiaren kanpoaldean hegoaldeko fatxadan, hartxintxarrak erortzeko arriskua ekiditeko, mantentze lanak eginen dituzte. 

Udalaren hitzetan, «Eztegarak merezi du itxura aldaketa, frontoi ederra baita bere tamainagatik eta ezaugarriengatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun