Tantirumairu ikastolak piztu du udako solstizioko sua Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 24a, 10:00

Lesakako Euskara Batzordeak antolatutako udako solstizioko besta egin zuten igandean Lesakan, Beti bezala, bertsoak, dantza, sua, musika eta jatekoak eta edatekoak izan zituzten. Aurten 50 urte bete ditu Tantirumairu ikastolak langileak izan ziren sua pizteko ardura izan zutenak.

Lesakako bertso-eskolakoek Biziberrituz euskara kantatu zuten eta trikipandero taldekoek ere jo zuten. Ondotik, Lesakako Euskara Batzordearen adierazpena irakurri zuen Txoltxan Txoperenak Bat nahikoa da goiburupean (beheitian osorik), eta berak jakinarazi zuen aurtengo omenduak eta sua pizteko ardura izanen zutenak Tantirumairu ikastolako lan¡gileak izanen zirela. Horien ordezkari eraman zuten suzia Pepita Zubillagak, ikastolako guraso, amatxi eta hainbat urtez sukaldari izandakoa, Esther Zumalde guraso eta irakasleak eta Maren Maia Larralde eta Mara Satrustegi Marin ikasle ttikiek. Beraien inguruan ikastolako lehengo eta oraingo hainbat ikasle, irakasle, guraso eta langile bildu ziren.

Sua piztu ondotik, Ezpata-dantzari taldeak entsegua ere egin zuen plazan sanferminei begira, Beñat Ordoki aitzinesku gidari zutela eta txistularien doinupean. Ondotik, herri afaria izan zen norberak eramandakoarekin. Euskara Batzordearen kontu izan ziren mahaiak eta aulkiak eta plazan bertan izan zen edaria. Afaldu eta gero dantzaldia izan zen Biphiru Pelau taldearekin.

 

Lesakako Euskara Batzordearen adierazpena

Bat nahikoa da

«Bat nahikoa da». Honela erantzun zion orain dela berrogeita hamar urte ikastolen mugimenduaren izenean proiektua azaltzera etorri zenak, zenbat haur behar ziren Lesakan ikastola bat martxan paratzeko galdetu zion aita bati. «Bat nahikoa baldin bada hona hemen gurea». Baina ez zen bakarra izan, sei gehiago elkartuta abiatu baitzen zazpi lagunekin gure herrian ikasketak euskaraz lehenbiziko aldiz eginen zituen taldea.

Kornelia Lekuona izeneko andrearen bertze ondareen artean eta eskola izatera derrigorrez zuzendu behar zen Otxogorrienea etxean hartu zuen egoitza euskaraz eta pedagogia berri eta aitzindariak erabiliz irakaskuntza zabalduko zuen zentroak, eta udako sostizioan dantzatzeko jotzen zen doinuaren izena hartu zuen: Tantirumairu, ezin eufonikoagoa.

Honela moteltzen ari zen ilintxari fu egin eta sua zabaldu zuen, soinu banda gaztelaniatik euskarara pasaraziz Lesakako karrikan: izan ere, eta ikusirik irakaskuntza euskaraz egiteko hautua nolako indarra hartzen ari zen, Nafarroako Gobernuak euskarazko eskaintza jarri behar izan zuen eskola publikoan ere.

Gaur egun hasierako kontrako haizeak dardarazten zuen landare mehea tantai eder bihurtu da eta argi adierazi du, «ezina ekinez egina» leloak zioen bezala, herriak zerbaitetan sinesten duelarik aitzinera ateratzeko indarra baduela.

Datozela bada ikastolako ordezkariak euskararen suaz arbazta multzo horiek piztera.

TANTAIAREN ENBOR, ADAR ETA ZIRI

GORRI-GORI

EUSKARAZ

MENDE ERDI

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun