Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, ahalduntzea eta eragile aktibo bihurtzea ditu helburu udalekuak, eta denera 120 gaztek hartuko dute parte. Tartean badira eskualdeko gazte batzuk ere.
Arantza eta Elizondo arteko bidea osatuko dute gazteek eta bidean Donezteben, Oronoz-Mugairin eta Elizondon eginen dituzte geldialdiak. Euskaldun gisa ahalduntzea da helburu nagusia, eta horretarako prestatu dute egitaraua UEMAk eta Hezten elkarteak. Era berean, gazteen arteko sareak sortzen, genero-estereotipoei eta rolei aurre egiten dieten berdintasunezko eta errespetuzko jarrerak sustatzen, eta ibilaldietako eta herrietako baliabideak aprobetxatuz gazteen artean ingurumen- eta ekologia-kontzientzia barneratzen eta garatzen ere saiatuko dira hezitzaileak.