IDOIA IBARBOURE

«Esperientzia ezin hobea izan da  filosofia olinpiada»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 23a, 10:00

Idoia Ibarboure Toki Onako ikaslea Finlandian egon da Nazioarteko Filosofia Olinpiadan.

Finlandian egonaldia egin du zuen maiatzean Toki Ona Institutuan batxilergoko bigarren maila bukatu berri duten Idoia Ibarbourek. Nazioarteko Filosofia Olinpiadetan lehiatu da bertan

Filosofiarekiko maitasunak baino, kexarako duen afizioak bultzatu du Idoia Ibarboure berriki Finlandian jokatutako Nazioarteko Filosofia Olinpiadetan lehiatzera. Espainia mailan egindako kanporaketan aukeratutako bi ikasleetako bat izan da, eta egun batzuetako egonaldia egin du Finlandian olinpiadak jokatzeko. Filosofia lantzeaz harago, mundu osoko ikasle aunitz ezagutzeko aukera ere izan du.

Nolakoa izan da Finlandiako esperientzia? 

Espero nuen gustura egotea eta jendea ezagutzea, baina esperotakoa baino hagitzez hobea izan da. Jende hagitz jatorra ezagutu dut. Dena ez da filosofia izan, irteera aunitz egin ditugu ingurua ezagutzeko eta jendearekin harremanak egin eta lagunak egiteko aukera handia izan dugu. Esperientzia ezin hobea da, eta mila aldiz errepikatuko nuke. 

Nolakoa izan da bertara joateko prozesua? 

Espainian aukeratua izateko prozesua nahiko sinplea izan da. Gelan geundela, Mikel Etxalar filosofiako irakaslea etorri zitzaigun. Gelan Iparraldeko gurasoak ditugun bi ikasle gaude eta aipatu zigun filosofia mintegira proposamena ailegatu zela Nazioarteko Filosofia Olinpiadetan parte hartzeko. Testu bat egin behar genuela erran zigun, 2.000 hitzekoa, ingelesez edo frantsesez. Gaia: ekologia, demokrazia, animalien eskubideak...

Zeri buruz idatzi zenuen? 

Nire tesia zen berriz ere fokua giza eskubideetan paratuz gero, eta gehiago aldarrikatuz gero, ekologia, animalien eskubidea eta demokrazia hobetuko liratekeela. Martxoaren 10erako eman behar zizkiguten emaitzak eta, azkenean, bi egun beranduago erran zidaten. Ez nuen sinisten aukeratua izan nintzela.

Bakarrik egin duzu bidaia? 

Bai. Espainiako delegazio gisa lau pertsona joaten ahal ginen, bi ikasle, delegazioko burua eta irakasle bat, eta nirekin batera joan den Kataluniako ikaslearen irakaslea joatea erabaki zuten. Nire ustez irakaslerik gabe joanda esperientzia hobea izan da, bakarrik joanda aunitz ireki naizelako.  Joan-etorrirako lau hegazkinetatik hiru bakarrik hartu nituen, eta lehenengo aldia nuen bakarrik bidaiatzen eta pixka bat urduri egon nintzen. 

«Hasieran ez nuen sinisten aukeratu nindutela»

Idoia IBARBOURE

Zein izan da Finlandian osatu beharreko ariketa? 

Lehiaketan 2.000 hitzeko testu bat idatzi behar genuen lau ordutan. Beraiek aukeran lau aipu eman zizkiguten, eta horietako bat aukeratu eta jorratu behar genuen. Nik aukeratu nuen aipua gerra eskubideari buruz zen. Nik giza eskubideen auzia lantzen segitu nuen, erranez gerra eskubideak giza eskubideak hausten dituela, eta nahiz eta gerra batzuetan justifikatzen ahal diren kausengatik egiten den giza eskubideak haustea, ez dela bidea eta ez dagoela ongi, eta hagitz makiavelikoa iruditzen zaidala zentzu txarrean. 

Frantsesez egin duzu proba. Nola moldatu zara? 

Nire aita Iparraldekoa da eta frantsesa betidanik aditu dut. Gainera, DBHko 3. maila Iparraldean ikasi nuen, eta beraz, ez da hizkuntza arrotza niretzat. Baina, idaztea… Nik ulermena hagitzez landuagoa dut idaztea eta solastatzea baino. Egia erran behar badut, uste baino hobe moldatu nintzen.

Aunitz prestatu duzu olinpiada? 

Batxilergoko bigarren maila egin dut, eta  argi nuen nahiago nuela batxilergoan zentratu lehiaketan baino. Ez dut sobera prestatu, libururen bat irakurri dut. Joan bezperan filosofiako irakaslearekin elkartu eta eskema bat prestatu zidan. Argentinako neska batek kontatu zidan bi hilabete oso izan dituela proba prestatzeko. Gure prestaketa bertze herrialde batzuetakoekin alderatuta, ez zen hainbertzekoa. Beraiek benetako lehiaketa gisa bizi zuten, eta niretzat zerbait gehigarria zen, benetako onura esperientzia osoa izan da, ez han saria irabaztea. 

Nondik heldu zaizu filosofiarako gustua? 

Han filosofian benetan interesatuta zegoen jendea zegoen, filosofia ttikitatik irakurtzen zutenak. Nire kasuan, nire interesgarria iruditzen zait klasean lantzen duguna, baina filosofiarekiko maitasunagatik baino, kexatzeko dudan afizioagatik da. Badakit nola kexatu, eta gustatzen zait jendeak ni entzutea, eta solastatzea, eta badut interesa gai politikoen inguruan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun