San Joan eguna eta bezpera ospatuko dituzte aurten ere Igantzin

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 19a, 18:00

San Juan Xarren meza izanen dute ekainaren 24an eta uztaileko igandetako mezak ere bertan eginen dituzte.

Suaz gain, antzerkia eta afari autogestionatua izanen dute bezperan eta egun handian meza San Juan Xarren

Udari hasiera ona emateko San Joan bezpera eta San Joan eguneko erritual guziak betetzen dituzte igantziarrek. 2023an ez bezala,  aurten, bezperan herriko plazan antzerkia, afari autogestionatua eta, nola ez, egunari dagokion sua antolatu dituzte.

Igande ilunabarreko antzerkiarekin emanen diote hasiera bestari. Familia, lagun, auzokide eta abarren lagunartean berriz afari galantarekin indarrak hartu eta suan bizipen txarrak erre eta purifikatu ondotik saltoka ibiliko dira, besta giroa nahi den arte luzatuz.

 

San Juan Xarren astelehenean

San Joan egunean, berriz, ohi den bezala eguerdiko hamabietan Meza Nagusia izanen dute San Juan Xarren. Azken urteetan bezala Herriko Etxeak doako autobusa antolatu du joan-etorrian ibiltzeko, 10:30ean hasi eta 14:30ak arte. Meza ondotik herriko dantzariek beraien saioa eskainiko dute eta aperitiboa eta erroskillak erosteko aukera ederra ere izanen da Biltoki Ttikikoek antolatzen duten kantinan. 

Bertzalde, Baratzondo Elkartekoek ere eguna bazkari eta dantzaldi eder batekin borobilduko dute.

Uztaileko hilabete guziko mezak San Juan Xarren izanen dira 12:00etan eta egun horietan ere kantina irekia izanen da zerbitzua eskainiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun