'Festa dezagun gaurdanik geroa' dokumentalaren emanaldia eta solasaldia ortzegunean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 18a, 08:00

Bestetan emakumeen parte hartzeari buruzko dokumentala da, eta tartean Baztango mutil dantzak ere ageri dira.

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, dokumentalaren emanaldia eta solasaldia izanen dute Beran. Ortzegunean, hilaren 20an elkartuko dira Beralandetan 19:00etan.

Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentala ikusiko dute lehenik, eta ondotik solasaldia izanen dute Asier Arizkorreta Emagineko kidearekin.

Bilgune Feministak ekoitzitako dokumentala da. Bestetan emakumeen parte hartzea eta jai ereduen inguruko gogoeta feministetatik abiatu dira lana osatzeko, eta horretarako, hainbat herritako talde nahiz norbanakoren bizipenak oinarri hartu dituzte: Irungo eta Hondarribako alardeak, San Ferminak edo Baztango mutil dantzak kasu.

Herritarrak solasaldira bertaratzeko deia luzatu du Berdintasun Zerbitzuak: «Bestak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira: errealitatearen adierazle kondentsatuak. Bestek norbanakoa kolektibora hurbiltzen dute, prozesu honetan jokoan sartzen diren sentsazio eta emozio anitzen bidez. Bizitzaren erdigunean daude, baloreen munduarekin erabateko lotura dutelako; herriaren nortasuna, jendarte egitura… ».

Bilgune Feministak eta Emaginek elkarlanean sortutako dokumentala da. «Ikuspegi feministatik, emakumeen parte-hartzea eta jai-ereduak erakusten dizkigu. Helburua hausnarketa espazio bat eskaintzea da. Tokian tokiko errealitatea aztertuz jai feminista, aske eta osasuntsuen eredua zehaztu eta hori lortze bidean bitartekoak sortzen joatea da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun