Turismo bulegoa eta Burdinaren Museoa irekiko dituzte asteartean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 17a, 14:00

Asteartetik aitzinera zabalik izanen da turismo bulegoa Lesakan, baita ondoan duen Burdinaren Museoa ere. Argazkia: Uraren Bailarak

Astearte honetan, ekainaren 18an, udako denboraldiari begira, Harriondoa kultur etxean dagoen Lesakako turismo bulegoa irekiko dute. Honako ordutegia izanen du: asteartetik ortziralera 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era eta asteburuetan 10:00etatik 14:00etara eta astelehenak itxita.

Kanpotik etortzen diren bisitariek eta zonaldeko nahiz Lesakako bizilagunek herriari eta eskualdeari buruzko informazioa eta esku-orriak eskuratzeko aukera izanen dute. Gainera, turismo bulegoarekin batera, bertan dagoen Burdinaren Museoa ere irekita egonen da eta honen sarrera dohainik izanen da. Pedro Lantzen burdinezko artelanak ikusteko aukera izanen dute hemen.

Udako denboraldi honetan, bisitariek hainbat aukera  iznen dituzte Lesakako herrigunea eta mendiak ezagutzeko: ginkana turistikoa, TopRutas aplikazioaren bitartez egiten ahal diren herriko eta mendiko ibilbideak, Bizibideko Enduro eta BTT ibilbideak, Bidasoko Bide Berdea, ekitaldiz betetako kultur agenda, etab. Gainera, Sanferminen ondotik, bisita gidatuak ere eskainiko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun