Igor Lasaga

«Jendeak ez du ofizioetan ari nahi, fabrikara joan nahi du»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 15a, 11:00

Lasagak 21 urte daramatza iturgin, eta azken hamar urteotan, bera da nagusia.

Duela 35 bat urte bere aitak sortu zuen enpresa, eta orain dela 21 urte hantxe hasi zen Igor Lasaga Telletxea beratarra iturgin. Azken hamar urteotan, bere gain du Matxako iturgintza enpresa. Berarekin batera, bertze lau langile ditu eta lana badutela dio.

Bertze ofizio aunitzetan bezala, langile faltarekin dituzte arazoak. Bere hitzetan, «batez ere iturgintzan dakien jendea edo aritua dena harrapatzea zaila da. Aritu gabeko langilea bada, baina hor ere ez sobera. Hala ere, nire kasuan, behar nituenak harrapatu ditut». 

Langileak harrapatzeko arazo hori «azken urteotan aunitzez handiagoa» dela esplikatu du: «Garai batean, lanean arituta ikasitako jendea izaten zen; gerora iturgintza ikasketak zituen jendea sartu zen, eta gaur egun, gure ofizioan hasten diren gazteen profila ikasi nahi ez dutenena da. Fabriketan ikasketak eskatzen dituzte, eta ikasi nahi ez duten aunitzek ofizio hauetan harrapatzen dute lana».

«Garai batean lanean arituta ikasitako jendea izaten zen; gerora iturgintza ikasketak zituen jendea, eta gaur egun, ikasi nahi ez dutenak dira gure ofizioan hasten diren gazteak»

Adinari lotuta, bere kasua kontatu du: «Urte aunitzez obrako gazteena izan naiz. Gaur egun, lau langileetatik bi ni baino hamar urte zaharragoak dira, eta bertze biak gazteagoak. Baina ez dira ofizialak, laguntzaileak dira. Segitzen badute, ofizialak izanen dira, baina bertzela, ofizialak falta dira». Gehiago ere erran du: «Gure enpresan iturgin ari garenak orain dela 20 urteko enpresen pixarrak gara. Garai batean hiru enpresatan aritzen ginen eta orain bakoitzeko hondarrak bildu gara». 

Orokorrean, «jendeak fabrikara joan nahi du» bere ustez: «Jendeak ez du ofizioetan ari nahi». Baina «lana ez dela gogorra» azpimarratu du, eta gainera, urteekin «lan egiteko modua aunitz erraztu dela, bitarteko gehiago ditugu». Horrekin batera, «segurtasuna hobetu» dela  adierazi du, baita «lan baldintzak hobetu» direla ere. Bertzeak bertze, «ordutegia pixka bat egokitu dugu. Orain ortzirale eguerdira arte aritzen gara; lehen larunbat eguerdira arte». 

Lanbidean «20 bat urteko hutsa» ikusten du: «Iturgintzan 40tik 65 urte bitarteko langilerik ez da falta. 45 urtekoa, 50 urtekoa, 55ekoa, 60koa... Denetarik harrapatuko duzu. Segida mantendu da. Baina 40 urtetik beheitikoen artean, huts handia dago. Egoera aldatzen ez bada, orain ari direnak jubilatzen direnean, ederki nabarituko da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun