BENTA PEIO

«Urteotan bentetako lana aldatu da eta lan baldintzak oraindik gehiago»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 15a, 10:00

Benta Peioren Dantxarineko denda.

Lanbide batzuetan langileak harrapatzeko dituzten zailtasunak hizpide izan ditu TTIPI-TTAPAk Benta Peioko Giza Baliabideen Departamentuarekin.

1996az geroztik aisialdiko erosketa zentroa da Benta Peio, «familia enpresa bat, bere eboluzioaz, ondareaz eta enpresa osatzen dugun talde osoaz harro dagoena». Euren asmoa «inguruko familientzako garapen ekonomiko eta sozialeko bide iraunkorra eraikitzea da, bezeroei kalitate goreneko zerbitzuak eskainiz, eta mugako garapen ekonomikoan lan egiten segituz». 

Benta Peiok dituen sektore guzietan, hau da, «supermerkatuetan, ostalaritzan, salmentan eta bulegoetan» lana badela diote giza baliabideen departamentuko kideek, baina batzuetan zailtasunak izaten dituzte langileak bilatzerakoan, «batez ere, urte osoan lan egin nahi dutenak kontratatzerakoan. Udan lan egin nahi duten langileak, aldiz, badira». Hala ere, «nahiz eta zailtasunak izan, gure lan beharrak betetzea lortzen ari gara».

«Lana ez da gogorra, ez bertze lan aunitz baino gehiago»

«Pandemiaren ondotik» sumatu dituzte langileak harrapatzeko arazoak, eta zailtasun horien arrazoiak «lan merkatuan gero eta aukera gehiago izatea, familia kontziliazioa eta zerbitzua astelehenetik igandera ematea» izaten ahal direla uste dute. Honela gaineratu dute: «Arazoa orokorra da lan merkatuan, baita gure sektorean ere». Beraienean lana «ez dela gogorra» ere adierazi dute, «ez bertze lan aunitz baino gehiago. Bezeroen joan-etorriaren araberakoa da, asteburuetan eta opor garai batzuetan biziagoa da, baina momentu horietan plantilla indartzen da lan karga orekatzeko». 

Adinari dagokionez, «adin guzietako langileak» dituztela kontatu dute: «Udan edo asteburuetan lan egiten dutenak hagitz gazteak dira, baina badira enpresan erretiroa hartu arte lanean aritzen diren langile aunitz ere». Hortik aparte, urteotan bentetako lana «aldatu» dela aipatu dute, eta esplikatu dutenez, «lan baldintzak oraindik gehiago aldatu dira. Lana erraztu da eta batez ere ordutegiak hobetu dira». Horren seinale, Benta Peion, «lau egun segidan lan egin eta bi egun libre» izaten dituzte. 

Heldu denari begira jarrita, sektoreari «etorkizun ona» ikusten diote: «Aukeraz eta aldaketaz betea izanen da». Eta gehiago ere erran dute: «Benta Peio hazten eta etengabe hobetzen ari da, eta egunetik egunera langileei lan baldintza hobeak eskaintzen dizkie. Langileekin konpromisoa eta ardura duen enpresa da, eta lan egonkortasuna, garapen profesionalerako aukera, prestakuntza, janaria eta garraioa eskaintzen ditu». Bide batez, deia ere egin dute: «Lan egiteko gogoa baldin baduzu bidali zure curriculuma».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun