Aurten ere harrera egin diote Beran Transpirenaica Social Solidaria ekimenari

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 13a, 11:00

Bertze urte batez harrera egin diote Beran Transpirenaica Social Solidaria gizarte ekimenari. Gizarte bazterkeria arriskuan dauden gazteak gizarteratzeko proiektua da eta  Pirinioak gurutzatuko dituzte. Atzo egin zuten lehen etapa eta Hondarribian hasi eta Beran bukatu zuten.

17:00etan ailegatu ziren ekimeneko parte hartzaileak Berako Kultur Etxera, eta bertan musika doinuz hartu zituzten. Musika eskolako trikitilariek girotu zuten ongi etorria, eta parte hartzaileak dantzan ere aritu ziren. Ondotik, Aitor Elexpuru herriko alkateak Berara ongi etorria egin zien, eta Ongi etorri Berara, Euskal Herrira, gure etxea zuen etxea da paratzen duen zapi gorri bana eman zien parte hartzaileei.

Ekimeneko hezitzaile Patxi San Juanek Bera herria aurkeztu zien gazteei eta eskerrak eman zizkion udalari harrera egiteagatik. Ondotik, aurtengo adierazpena irakurri zuten bi gaztek euskaraz zein gaztelaniaz. Zaindu izateko izena du aurtengo adierazpenak, eta bertan zaintza denen ardura dela aldarrikatu dute. Norbere buruaren zaintza, gainontzekoak zaintzea eta natura zaintzea aldarrikatu dute.

Atzoko arratsa Beran pasatu zuten, eta gaur Doneztebera arteko bidea osatuko dute. Ortzegunean, aldiz, etapa Elizondon hasi eta Eugira arteko bidea osatuko dute.

Denera ekimenean 250 gaztek hartuko dute parte, horietako gutxi batzuk zeharkaldi osoa eginen dute, eta gainerakoek etapa batzuk eginen dituzte.  Eskualdetik 30 bat lagun igaroko dira, lurralde hauetakoak: Maroko, Senegal, Argelia, Mali, Venezuela, Ukraina eta Gambia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun