Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak «substantzien kontsumo ereduari edo kontsumo ezari buruzko hausnarketa egiteko» gonbita egin du, eta «bestetan nola gozatu pentsatu ez baduzu, ideia batzuk» proposatu ditu.
Adingabeei, alde batetik, substantzien kontsumoa «legeak galarazia» duela oroitarazi nahi izan die, eta horrez gain, «jakin badakizu garatzen ari diren gorputz, garun eta lagun talde baten jabe zarela». Hala, «zu zeu zara altxorra» oroitaraztearekin batera, «aunitzetan adinez goizegi, informazio aunitzik gabe edo arrisku pertzepziorik gabe, edo lagun giroak xurgatuta, edo momentua bizi behar izatearen tentazioz, erabaki arriskutsuak hartzen ahal direla» ohartarazi du. Halakorik ez gertatzeko, «gelditu, pentsatu, erabaki eta erran!» aholkatu du: «Errespeta zaitzatela eta errespeta ezazu!».
«Kontsumorik gabeko bestak ere gozagarriak dira eta kontsumitzea erabakitzen baduzu, arduraz jokatu»
BORTZIRIETAKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Adinez nagusiak direnei, berriz, «kontsumo legeen mugarik ez duten arren, ardurak eta bizi esperientziak erakutsitako irakaspenak» hor dituztela aipatu nahi izan die Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Horregatik eskatu die «zentzuz jokatzeko, eredu zara zure inguruko haurrentzat, gazteentzat, herritarrentzat eta bisitarientzat». Gehiago ere bai: «Zure barreneko nahiak aditu, erran eta errespetarazi». Eta «kontsumorik gabeko bestak ere gozagarriak» direla gaineratu du: «Eta kontsumitzea erabakitzen baduzu, arduraz jokatu, aitzinetik pentsatu zer, zenbat, nola, noiz eta norekin; besta aitzineko gogoa, ilusioa eta grina, ez dadin biharamuneko kezka, min edo nahigabe bilakatu».
Bide beretik, «herriko bestak arduraz eta errespetuz bizitzeko» eskatu du: «zeure buruarekin, bertzeekin eta inguruarekin. Ardura eta errespetua izan daitezela 2024ko herriko bestez oroitzean geldituko diren jokamoldeen edo bizitakoaren ezaugarri».