Larunbat honetan Euskal Herriko Eskolarteko finala Arantzan eginen dute

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 12a, 09:00

Nafarroako Eskolarteko finalistak. Tartean, txapela buruan Kattin Madariaga aranztarra, eta ezkerrean Kattalin Lizarraga leitzarra.

Lurraldez lurralde jokatu dituzten eskolartekoetatik sailkatutako hamaika bertsolari ariko dira Arantzako frontoian eginen duten finalean. 14 eta 18 urteko gazteak dira eta tartean, eskualdeko lau bertsolari ariko dira: Kattin Madariaga aranztarra, Kattalin Lizarraga leitzarra eta Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua saratarrak.

Oinak buruan lelopean, apirilean hasita, lurraldez lurralde eskolartekoak egin dituzte 14 eta 18 urte bitarteko gazteekin, eta larunbat honetan, ekainaren 15ean, Arantzan eginen duten finalarekin borobilduko dute 36. edizioa.

Gazte Xilabako finalistak. Erdi-erdian finalean ariko diren Haira Aizpurua (txapelarekin) eta Unax Aizpurua saratarrak.

Lurraldez lurralde sailkatutakoak:
  • Nafarroatik Kattin Madariaga aranztarra eta Kattalin Lizarraga leitzarra.
  • Lapurditik Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua saratarrak.
  • Gipuzkoatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga.
  • Arabatik Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia.
  • Bizkaitik Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga.
  • Baxenabarretik Nahia Etxeberri.
Finala larunbat arratsaldean

Larunbateko finala arratsaldean eginen dute Arantzako frontoian. 17:00etan hasiko da eta sarrera debalde izanen da. Bukatzean jatekoa emanen dute eta bildutakoen artean zozketa eginen dute.

Bat-bateko bertsolari txapelketa Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute, eta aurten Arantzako Udalaren laguntza ere izan dute. Bertsozaletzeko eta gazteei jende aitzinean kantari hasteko aukera ematea du helburu egitasmoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun