Ibardingo Igoeraren zortzigarren edizioa egin dute Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 11a, 13:00

58 pilotuk parte hartu zuten proban eta Beñat Poblacion eta Arkaitz Ordoki izan ziren txapeldunak, Turismoen eta Monoplazen kategorian, hurrenez hurren. Jende aunitz hurbildu zen proba ikustera.

Larunbatean egin zuten Beran Ibardingo Igoeraren VIII. edizioa. Bortzirietako Ziharka Sport automobilismo taldeak antolatu zuen proba, eta azken ediziotan bezala arrakastatsua izan zen. 58 pilotuk hartu zuten parte proban, eta horietako 46 bukatu zuten. Ilunabarrean sari banaketa egin zuten eta eguna bukatzeko afaria egin zuten.

Turismoetan Beñat Poblacion izan zen garaile Lotus Exige autoarekin; bigarren Joseba Beola izan zen Peugeot 208 Rally4 autoarekin eta hirugarren postuan Bruno Scherer  sailkatu zen Porsche 911 GT3 autoarekin.

Monoplazetan, aldiz, Arkaitz Ordoki izan zen irabazlea Nova NP-03 autoarekin, bigarren lekua Aitor Mansorentzat izan zen BRC B49rekin eta hirugarrena Iñaki Jauregirentzat Speed Car GT 1000 autoarekin.

Horrez gain maila bakoitzeko pilotuak ere saritu zituzten. 2. klasean Beñat Poblacion izan zen txapeldun, 3. klasean David Hernandez, 4. klasean Gaizka Zabala, 5. klasean Hodei Unsion beratarra, 6. klasean Joseba Beola, 7. klasean Andoni Lazkanotegi beratarra, 8. klasean Joxean Garcia, 9. klasean Aitor Manso eta 10. klasean Arkaitz Ordoki.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun