Mugikortasunri dagokionez, Legia karrikako zirkulazioa erabat moztuko dute osasun etxearen parean 08:00etatik 22:00ak arte. Altzatetik Legia karrikara sartzen diren ibilgailuak Kanttonberriko zubitik atera beharko dira. Osasun etxearen eta Foruen plazaren artean, aldiz, trafikoa bi noranzkoetan izanen da, eta horregatik kontu handiz eta abiadura txikian gidatzeko eskatu dute istripuak saihesteko.
Ur mozketei dagokionez, 08:00etatik 22:00etara Legia karrikako 45. zenbakitik Jesusen Bihotza ikastetxe arteko atarietan moztuko dute ura eta baita Kanttonberriko etxe guztietan ere. Gainera, hainbat orduz mozketa horrek eragina izanen du San Jose egoitzan ere.
Ura 22:00etan berrezartzea da asmoa, baina, aldaketak egon daitezke ordu horretarako konexio berriaren egonkortasuna ziurtatua ez badago.
Gainera, udalak jakinarazi du, hasierako aurreikuspenak aldatzeko aukera dagoela, eta berrituko den hornidura sarea isolatzeko orduan ezustekoak badaude, litekeena dela kaltetutako eremuak handitzea. Horregatik, herritar guztiei gomendatu diete badaezpada ura biltzea mozketaren aitzinetik.