OIHAN TELLETXEA SEIN

«Goi mailan jokatzea ederra izanen litzateke»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 8a, 08:00

Realarekin Kadete mailan aritzen da futbolean Oihan Telletxea igantziarra, eta bigarren urtea du Euskadiko Selekziorako deitzen dutela

Nola definituko zenuke zeure burua?

Igantziko 15 urteko mutil lasaia eta nahiko lotsatia.

Zein dira zure zaletasunak?

Nire zaletasun nagusia kirola da, eta horien artean futbolean aritzen naiz gehien, bertzetarako denborarik ez baitut.

Noiz hasi zinen futbolean?

8 urterekin hasi nintzen Lesakako Beti Gazte taldean, Prebenjaminetan, herriko hiru lagunekin batera.

Euskadiko Selekzioarekin aritzen zara gaur egun. Nola sortu zitzaizun aukera?

Aurten hirugarren urtea dut Realarekin jokatzen ari naizela, eta bertatik deituta suertatu izan zait bi urtez segidan.

Kadete mailan aritzen zara. Nolako esperientzia izaten ari da?

Hagitz esperientzia ona! Liga irabazi dugunez, gehiago motibatzen naiz.

Maila aldetik salto haundia izan da?

Joko aldetik intentsitate haundiagoa nabaritzen dut partiduetan, eta astean lau entrenamendu egiten ditugu. Partiduak, berriz, asteburuetan jokatzen ditugu.

Sub-16 txapelketan finalera ailegatu zarete berriki, baina Katalunia nagusitu da. Nola ikusi duzu txapelketa?

Bai, Katalunia nagusitu da. Maila altuko taldeak dira eta ez genuen espero finala jokatzea, beraz, hagitz kontent txapeldunorde izanda. Txapelketa hagitz berezia izan da.

Zer eman dizu futbolak?

Jende pila bat ezagutu dut eta lagun onak egin ditut. Aunitz bidaiatzen dugunez, hainbat leku ezagutzeko aukera ere eman dit.

Kirolarekin betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?

Futbolean segituko badut, goi mailako talde batean jokatzea ederra izanen litzateke.

Zure asmoak epe motzera?

Epe motzera, Realarekin denboraldia akabatzea eta… aurtengo Kadete mailako euskal kopa irabaztea!

Eta epe luzera?

Egia erran ez dakit, eta ez diot buelta gehiegirik ematen. Futbolarekin disfrutatzen segitzea gustatuko litzaidake, eta fisioterapeuta ikasketak egitea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun