[GUTUNA]: Bozketa sistema justu baten alde

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 9a, 10:00

Eskolako jardunaldi mota aukeratzeko prozedura hizpide hartu dute Etxalarko Landagain eskolako Zuzendaritza Taldeak eta Klaustroak idatzi honetan. Azken ikasturteetan jardunaldi jarraitua izan dute Etxalarren, baina irailean zatitura bueltatu beharko dute. Eskolako Zuzendaritza Taldearen eta Klaustroaren izenean, Miren Inda Jorajuriak eta Idoia Bereau Seinek sinatu dute eta babesa adierazi nahi izan diete gurasoei.

2023-24 ikasturtea bukatzen ari den honetan, hurrengo ikasturteari dagozkion erabakiak hartzen hasiak gara. Buruilaren 2an eskolara itzultzen garenean, bereziki aldaketa nabarmen bat sumatuko dugu, jardunaldi aldaketa. Azken ikasturte hauetan izan dugun jardunaldi jarraituaren ordez, jardunaldi zatitura bueltatuko baikara.

Hilabete batzuk pasa dira eskolako jardunaldi mota aukeratzeko prozesuari bukaera eman zitzaionetik. Gaiak eskualdeko zenbait eskolatan eragin handia izan du eta honek zenbait eskola eta familiatan eztabaida sortu du.

Idazki honen bitartez, Landagain ikastetxeko klaustroak, gure familiek hainbertze lan eta esfortzu jarritako borroka honi babesa eta esker ona eman nahi diogu. Guk ere segidan zerrendatzen ditugun arrazoiak direla medio, jardunaldiak arautzen dituen 106/2023 Foru Aginduko zazpigarren xedapen gehigarrian adierazten den salbuespena eskatu dugula adierazi nahi dugu. Honela dio: «Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Salbuespenak: Foru arau honetan xedatutakoaren edozein salbuespen ikastetxeak eskatu beharko dio, behar bezala arrazoituta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, hark aztertu eta, egokitzat joz gero, onar dezan».

Lehenik eta behin, erran behar dugu, Landagain eskolako boto emaileen % 65ak egin duela jardunaldi jarraituaren alde, baina Foru Aginduak erroldatuen kopuruak aintzat hartzen dituenez, datu hori guztiz baliogabetu dutela. Honi, bozketa sistema batean hain zilegi den 'boto zuriak' bere balioa galdu duela gehitu behar zaio, bozketa sistema honek ez baitio honi aukerarik eman, boto zuriak jardunaldi zatituaren aldera bideratzen baitzuen bere balioa. Emaitzak ikusita, Foru Aginduak ezartzen duen araberako emaitza izan arren, gehiengo handi baten nahia errespetatzen EZ dela argi ikusten da.

Honek, erroldatuen % 60ra ez ailegatzeak, alegia, datorren lau ikasturteetan, gehiengoaren nahia errespetatzen ez duen eta orain arte urtero berritu den jardunaldi bat izatera derrigortzen gaitu; ikastetxeari, ikasleei zein familiei berrantolaketa eta plangintza aldaketa bat suposatuz. Izan ere, lau urteren ondotik, Nafarroako Gobernuak, pandemia garaian inposatu zigun jardunaldi aldaketara egokituak eta antolatuak geunden.

Bertzetik, aipatu nahi dugu, Foru Aginduak hala ezarrita, erroldatuen botoen % 60ra ailegatu ez zirenez, Eskola Kontseilua, eskolako organo gorena dena, hitzik gabe utzi dela, prozesua bertan behera utziz. Hezkuntzari buruzko 2/2006 maiatzaren 3ko Lege organikoak bere 126.9 artikuluan dioena betetzeari utziz: Eskola Kontseiluak eskola komunitatean intzidentzia berezia duten erabakietan parte hartu behar du.

Azkenik aipatu nahi dugu, Foru Aginduak eskatzen duen erroldaren % 60ko baldintza hori 2007an esperimentalki jardunaldi jarraituan hasi nahi zuten ikastetxeentzat jarri zela. Honetan esperientziarik ez zegoenez, eskola komunitatearen babes sendoagoa behar zen eta ulertzekoa zen, baina gaurko egoera ez da berdina eta hona hemen datu batzuk:

  • 17 urte jardunaldi jarraituan dauden ikastetxeen aldeko txostenak daude.

  • Pandemia ondoko bi ikasturteak Nafarroako 170 ikastetxe jardunaldi jarraituan.

  • Azken lau ikasturteetan, Nafarroako ikastetxeen % 85 jardunaldi jarraituan.

  • Ez dago ikastetxerik jardunaldi jarraiturako apustua egin eta gibelera egin duenik.

  • Bortz ikastetxek bakarrik hartu dituzte zatituaren aldeko boto gehiago jarraiturako baino.

  • 32.559 boto posibleetatik, 29.860 boto izan ziren (% 92) eta hauetatik 25.421 jarraituaren aldekoak izan dira (% 85,1). Errolda kontuan hartu nahi bada, bozkatu ez duen % 8a, % 78,08ak jarraitua bozkatu du.

Beraz, esperientzia nahiko dago % 60ko baldintza hori ezabatzeko eta bertze edozein bozketatan bezala, honetan ere, gehiengo sinplea aski izateko erabaki bat hartzeko.

Guk ere familiek eskatzen duten bozketa justu eta demokratiko baten aldeko babesa ematen dugu; baldintza berdinetan, familia bakoitzak jardunaldi zatitua edo jarraitua nahi duen aukeratzeko eskubidea izan dezan.

Bozketa bat burutzen denean, badakigu bozkatzaileen zati baten aukeraketak galduko duela, baina boto gehien hartu dituen aukeraketak galtzea, ez dugu bidezkoa ikusten!

Hortaz, idazki honekin, gure eskolako familien gehiengoari aipatzen ditugun arrazoien gaineko babesa aitortu nahi diogu, bai eta bozketa sistema justu baten aldeko aldarrikapena egin ere.

Landagain eskolako Zuzendaritza Taldea eta Klaustroa. Etxalar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun