Antonio Javier Fagoaga lesakarrak irabazi du Nafarroako skeet olinpiko txapelketa

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 7a, 10:30

Antonio Javier Fagoaga lesakarra, joan den asteburuan Bagordin irabazitako bi dominekin: Nafarroako txapeldun eta Espainiako Erregearen kopan hirugarren.

Asteburuan Bagordin Espainiako Erregearen Kopa ere jokatu zen eta hirugarren izan zen 65 urteko tiralaria

Nafarroako skeet olinpiko txapelketa jokatu da ekainaren 1 eta 2ko asteburuan Bagordin, Baztanen. Joan den urtean bezala, Nafarroako txapeldun suertatu da Antonio Javier Fagoaga lesakarra. 65 urterekin tiralari beteranoena zen arren, asteburu berean jokatutako Espainiako Erregearen Kopan ere hirugarren izan zen Fagoaga.

Antonio Javier Fagoaga, eskuinean, Erregearen Kopako bertze finalistekin batera. Hirugarren izan zen.

Bereziki azpimarratzekoa da Espainiako Erregearen Kopan egindako lana, txapelketa irekia baitzen eta gaur egun Espainiako selekzioarekin aritzen diren hiru tiralariez gain, Frantziakoren bat eta goi mailako gehiago ere baziren. Gainera, azken tiraldiak bitarte sailkapenaren buruan zegoen Fagoaga, Espainiako txapeldun eta munduko txapeldun ere izandako batzuen aitzinetik. Azken txandan, ordea, bi plater huts egin zituen eta hor joan zitzaion garaipena.

Garaipenetik hurbil izan bazen ere, azkenean hirugarren izan zen Fagoaga Espainiako Erregearen Kopan.

Halere, hagitz kontent dago Antonio Javier Fagoaga. Beti izan du gustuko plater tiraketa eta bere adinarekin, «erreflejoak eta motrizitate fina lantzeko» ongi datorkion ariketa da, «baita norbere burua estimatzeko ere».

Aitzinera begira, uztailaren 6 eta 7an Cantoblancon (Madril) jokatuko den Espainiako Kopan parte hartzekoa da. «Sanferminetako bi egun, tartean Zubigainekoa, galtzeak pena ematen dit, baina joan beharko dugu!» dio Antonio Javier Fagoagak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun