Elizondo Lanbide Eskolako ikasleek zortzi mendi ibilbide balizatu dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 6a, 10:00

Elizondo Lanbide Eskolako Natur inguruneko eta aisialdirako gidaritza zikloko ikasleek Berako zortzi mendi ibilbide balizatu dituzte. Berako Udalak prestatu ditu ibilbideak, eta udalaren eskariari erantzunez egin dute lana ikasleek.

Proiektu bi zatitan landu dute ikasleek. Alde batetik, Berako Udalak osaturiko ibilbideen trackak txukundu eta marka edo balizak prestatu dituzte lehen zatian. Horretarako lanbide eskolako bertze ziklo batzuetako irakasleen eta ikasleen laguntza izan dute.

Bigarren fasean ibilbideak balizatu dituzte. Talde ttikitan banatuta balizatu edo markatu dituzte zortzi ibilbideak: bortz Ibardinen barna, eta bertze hiru Beratik hasita. Bi egunez aritu dira lan horretan.

Markak egiteko egurrezko taulak erabili dituzte, kolore biziak erabilita eta atzealde zuriarekin. Horrela, errazago ikustea bermatu dute.

Ibilbideak markatuta direla, GPS bidez markatutako trackak argitaratzea izanen da  hurrengo urratsa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun